Plentziako Udalak 2021-2024 aldirako Turismo Jasangarrirako Plan Estrategikoa onartu zuen azken osoko bilkuran, gobernu taldearen aldeko botoakaz eta oposizioaren abstentzioagaz. Planak gainerako administrazioakaz eta sektoreko hainbat eragilegaz batera lan egiten hasteko oinarriak ezarriko dituela azaldu dute udal-iturriek; horren helburua da Plentzia turismo jasangarriaren erreferentziazko helmuga bihurtzea.
Gizartea, ekonomia eta ingurumena dira turismo-plana egituratuko duten gakoak; hala, guztira, 43 ekintza edo proiektu definitu dituzte, lau ardatz estrategikotan –Helmugaren kudeaketa, Helmugaren lehiakortasuna, Produktuen garapena eta Marketina, sustapena eta merkaturatze turistikoa–, eta 14 ildo estrategiko edo jarduera-programatan banatuta, turismoa baliabide jasangarria bihurtzeko azken helburuagaz.
Elixabete Uribarri Plentziako alkateak azpimarratu du dokumentua udalerriaren ibilbide-orria izango dela, etorkizun turistikoari erantzukizunez eta konpromisoz aurre egiteko, sektoreagaz, gainontzeko administrazioakaz eta herritarrakaz batera. "Datozen lau urteetan udalerriaren lehiakortasuna nabarmen hobetzen eta enplegua zein aberastasuna sortzen lagunduko digun turismo mota zehaztuko dugu, Plentzia udalerri iraunkor, ordenatu eta arduratsu gisa kokatuko duten turismo-politikak garatzeko gida izango da. Baliabide eta erakargarritasun natural eta kultural nagusiak balioan jarriko ditugu, merkatu eta publiko objektiboak zehaztu, helmuga kudeatu, komunikazioa eta merkaturatzea landu, eta eragile nagusien inplikazio profesional handiagoa sustatuko dugu", nabarmendu du alkateak.
Zentzu horretan, Udalak finkatu duen helburua argia da: "Gure herria euskal kostaldearen erreferentea izatea nahi dugu, bai eskualde-mailan, bai estatu-mailan eta nazioartean ere, eta eskaintza osoa eta masifikatu gabea izatea jarduera-segmentu nagusietan: itsas-ondarea, natura- eta paisaia-turismoa, turismo enogastronomikoa, ekitaldiak eta jaialdiak, eta, oro har, gizarte-ongizaterik handiena sortzen dutenak", azpimarratu du Iñaki Saenz de la Fuentek, Ekonomiaren Garapen eta Turismoko zinegotziak.
Plentziako itsasertzeko ingurunea eta nortasun propioa errespetatuko dituen plana izango dela azpimarratu dute. Egitasmoak natur- eta paisai-gune paregabean egiten diren jarduerez gozatzean oinarrituko da, bertako historia, kultura eta baliabideak ezagutzeko, bertakoentzako kalitatezko proposamen profesional kohesionatu bategaz. Azaldu dutenez, egitasmoak Plentziako turismo-eredu jasangarrian aurrera egiteko balioko du, itsasadarra eta hiribilduaren xarmak ardatz dituela.
2021-2022 aldirako jarduerak
Argitaratu berri duten dokumentuak datozen lau urteetako lehentasunak finkatu eta jarduerak planifikatzen lagunduko badu ere, daborduko Udalak hamar ekintza baino gehiago zehaztu ditu, eta horiek epe laburrera eta ertainera begira gauzatuko dituzte, aurten eta 2022an, zehazki:
- Udal Turismo Mahaia eta sektorez azpiko mahaiak edo mahai tematikoak sortzea.
- Plana zabaltzeko eta turismoa sentsibilizatzeko kanpaina sortzea.
- Helmugari eragiten dion turismo-araudia betetzen dela kontrolatzeko eta jarraipena egiteko programa abian jartzea.
- Udal Turismoaren Behatokia sortzea.
- Helmuga osorik egokitzeko eta edertzeko programa martxan jartzea.
- Turismo-sektoreko enpresa-elkarte bat sortzea (etorkizuneko turismo-produktuen kluba).
- Natura- eta ondare-baliabideen balioa nabarmentzeko programa bat abian jartzea.
- Turismo enogastronomikoaren eta jatetxeen eskaintza indartzeko eta sendotzeko programa sortzea.
- Helmuga-marka turistikoaren irudia sortzea.
- Udalaren turismo-webgunea berritzea eta eguneratzea.
- Esperientzia-pakete turistikoak sortzea eta merkaturatzea (ihesaldiak).
Honegaz batera, udal-iturriek zehaztu dute ekimenek zein planean jasotzen diren gainontzeko jarduerek jarraipen- eta ebaluazio-fase batetik pasako direla. Horretarako, 50 adierazle baino gehiago ezarri dituzte lau ardatz estrategikoetarako. Azaldu dutenez, horiek planaren aurrerapena kontrolatzeko balio izateaz gain, egitasmoaren garapenean ikusitako joera positiboak edo negatiboak detektatzen lagunduko dute.