Danontzat gaztetxeko kideek Plentziako Udalaren jokabidea kritikatu dute, eta "ez egotetik jazarpenera" pasatu dela leporatu diote. Azaldu dutenez, aurreko uztailetik izan dituzten bilera eta "prozesu burokratikoek" ez dute ezertarako balio izan gaztetxearen egoera konpontzeko, eta horregatik diote Udalak ez duela borondaterik arazoari irtenbide duin bat emateko. "Horren aurrean gaztetxeko agenda prestatzen hastea erabaki genuen, denbora lar galdu barik irteerarik ez zuen bide batean", adierazi dute.
Azaldu dutenez, maiatzaren 23an, liburu baten aurkezpena egiteko asmoa zutenean, Udaltzaingoaren patruila batek eta Ertzaintzaren beste bik gaztetxeko sarrera blokeatu zieten. Jakinarazi dute udal-gobernuak ez sartzeko agindua eman ziela eta, ondorioztatu dutenez, Udala Arpillaoko lokalen itxiera-dekretua erabiltzen ari da, "pixkanaka gaztetxea desgastatzen joan, eta huste zein kostu politikorik gabe gune autogestionatu horren desmobilizazioa lortzeko".
Horren aurrean, gaztetxeko kideek salatu dute Udala ez egotetik, hau da, beraien egoerari erantzun bat ez ematetik, jazarpenera pasatu dela. Horretaz gain, exijitu diote beharrezkoak diren balorazio teknikoak egin ditzala eta herritarren esanetara jar daitezela. Aldi berean, gaztetxeko kideek iragarri dute etorkizunean ekintza gehiago antolatzen jarraituko dutela.