Gertaera zapatuko 21:00ak aldera izan zen, 14 eta 15 urteko neska bik Areatza kaleko 16 zenbakian dagoen elikagaien dendan musukoak lapurtzen saiatu zirenean. Suyun Chen eta Jiayan Ye ama-alaba dendariek El Correo egunkariari kontatu diotenez, erasotzaileetako batek 50 zentimo balio duten maskarak eskatu zizkien. Chenek maskarak erakutsi zizkionean, neskak batzuk hartu eta lasterka ihes egin zuen. Chenek kontatu du bere atzetik atera zela dendatik, eta, momentu horretan, ustezko lapurrak jipoitu omen zuela. Ama defendatzera atera zen Ye, eta, orduan, ustezko erasotzaileak eta beste lagun batek bera ere jo eta lurrera bota zuten.
Momentuan bertaratu ziren Ertzaintzako agenteek erasotzaile biak atxilotu zituzten, nahiz eta, ondoren, karguakaz aske utzi zituzten. Bestalde, anbulantzia batek Urdulizko ospitalera eraman behar izan zuen Jiayan Ye, zorabiatuta baitzegoen. Chenek eta Yek kontatu dutenez, gurean daramatzaten hamar urteetan ez zaie horrelakorik gertatu.
Elkarretaratzea
Ari Du Elkartasun Sareak argitaratu duenez, eraso hori salatzeko, eta dendari biei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo dute gaur, ekainaren 17an, Areatza kalean dagoen Alimentacion dendaren aurrean, 20:00etan.