Bueltan dira Plentziako umeentzako udalekuak

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 12:14
Udalekuak abuztuaren 2tik 13ra egingo dituzte, txanda bitan. © PLENTZIAKO UDALEKUAK

Plentziako Udalak aurten berriro antolatuko ditu umeentzako udalekuak, pandemiak eragindako iazko geldialdiaren ostean. Astelehenean, ekainaren 21ean, izena emateko epea zabalduko dute, uztailaren 4ra arte.

Iaz, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu ziren hainbat ekintzen artean zeuden umeentzako hain gozagarriak diren udalekuak. Plentziako Udalak erabaki du aurten berriro abian jartzea herriko agenda sozio-kulturalean hain errotatu dauden udaldiko umeentzako ekintzak.

Hala, berriz antolatu dituzte udalekuak, baina egungo osasun-egoera kontuan hartuta, edukiera eta egun kopurua murriztuko dituztela iragarri dute. Halere, jakinarazi dutenez, ez da faltako jarduera ludikoz osatutako egitaraua, ezta txangoak bezalako ekintzak ere. Hori bai, ume parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko, ekintzak COVID-19aren aurkako neurri zorrotzak errespetatuz egingo direla azpimarratu dute arduradunek.

Aldi berean, udal-iturriek adierazi dute familiei laguntzeko helburuagaz, eta udalekuak murriztuagoak izango direla kontutan hartuta, aurtengo matrikula doakoa izango da. Hala ere, pertsona eskatzaileei eskatu diete asistentziari dagokionez arduratsuak izan daitezen.

Izena emateko prozesua astelehenetik, ekainaren 21etik, aurrera egin daiteke, honako lotura honetan; prozesua zabalik egongo da uztailaren 4ra arte.

Aurtengo udalekuek honako ezaugarriak izango dituzte:

  • Ekimena 4 eta 12 urte bitarteko umeei dago zuzenduta.
  • Plaza baino eskaera gehiago badaude, horiek zozketa bidez esleituko dira.
  • Beste udalerri batzuetako umeek ere eman dezakete izena, baina lehentasuna izango dute Plentzian erroldatutakoek.
  • Udalekuak abuztuan egingo dituzte aste biz, eta eskatzaile bakoitzak aste bat aukeratu beharko du: abuztuaren 2tik 6ra edo abuztuaren 9tik 13ra.
    • Eskatzaileren batek aste bietan parte hartu gura badu, eskaera inprimakian adierazi beharko du, plaza librerik badago kontuan hartzeko.
  • Jardunaldiaren ordutegia 09:30etik 13:30erakoa izango da, txangoa dagoen egunetan izan ezik. Kasu horietan, jardunaldia 16:30era arte luzatuko da.
  • Familiaren batek umeak udalekuan lehenago utzi gura baditu, lanagaz edo kontziliazioagaz lotutako arrazoiengatik, haurtzaindegiko zerbitzua eskainiko dute 08:30etik 09:30era. Zerbitzu hori erabiltzeko, eskaera egin beharko da izen-emate orrian, horretarako gaitutako atalean.
  • Udalekuak eskolako instalazioetan egingo dituzte.
  • Behin plazak esleitutakoan, saio informatzaile bat egingo dute familientzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun