Arpillaoko udal-aparkalekuan guztira 669 aparkaleku-plaza daude, horietako 293 kontzesioan, baina 2020ko abenduan, egitura-arazoak argudiatuta, Udalak eraikina ixteko badaezpadako neurria hartu zuen, eta, ordutik, erabiltzaileak ezin izan dira eraikinera sartu. Orain, plaza horiek dituzten emakidadunek iragarri dute abokatuen esku jarriko dutela kasua, Udalaren erabakia inpugnatzeko. Erabaki hori hartu dute, azken zazpi hilabetetan ez dutelako Udalaren partetik bestelako aukerarik jaso, eta beraien proposamenei entzungor egin dietelako; gainera, 700.000 euroko kalte-ordaina ere eskatu diote, El Correo egunkariak jakinarazi duenez.
Gogoratu beharra dago, Plentziako hondartza ondoan dagoen Arpillaoko eraikina hezita dagoela urtarriletik. Ordutik, bertan egoitza zuten bost elkarteek -Arkote Arraun Taldea, Danontzat Gaztetxea, Plentzia Piraguismo Taldea, Plentzia Traineru Baltza eta AMBAR Elkartea- eta aipatutako aparkalekuaren erabiltzaileek ezin izan dituzte instalazioak erabili.
Kaltetutakoek erantzun bat emateko premia adierazi eta eraikinaren egoera hobetzeko esku-hartze integrala zein partziala egiteko aukera erreala dela azaldu dute. Beraien helburua da aparkalekua ahalik eta azkarren erabilgarri egotea, udaldi sasoian udalerrira doazen ibilgailu andana heldu aurretik. Bestela, ohartarazi dute aparkalekuko 669 ibilgailu horiek kalean aparkatu beharko dutela.
Egokitzapen-lanak aurrera ateratzeko, erabiltzaileek obren baterako finantzaketa proposatu diote Udalari. Horrela aparkalekuetako erabiltzaileek % 40 ordainduko lukete, eta gainontzeko % 60a Plentziako Udalaren esku egongo litzateke. Hala ere, erabiltzaileek adierazi dute obrei hasiera emateko, lanen kostuaren % 100 aurreratzeko prest daudela. Momentuz, ez dute Udalaren erantzunik jaso, proposamena jakinarazi eta 11 egun pasatu direnean.