Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere euskal preso eta iheslarien aldeko Itsas Martxa egingo dute Plentzian, itsasadarreko uretatik txalupa edo piraguan nabigatuz presoen etxeratzea aldarrikatzeko; uztailaren 31n, zapatuan, jarri dute aurtengo hitzordua.
Azken asteotan, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak zazpi euskal preso hurbilduko dituela adierazi du; horietako hiru Euskal Herriko espetxeetara. Baina preso eta senideei babesa ematen jarraitzeko, eta askok bizi dute egoera salatzeko mobilizatzen jarraituko direla adierazi dute Itsas Martxako antolatzaileek.
Duela zotzi urte egiten hasi ziren Itsas Martxaren helburuari jarraituz, eta ekitaldiaren errebindikazio izaera ahaztu gabe, senideei eskainitako omenaldiagaz, lore-eskaintzagaz eta Kaxarranka eta aurresku dantzakaz hasiko dute hitzordua, 12:30ean Plentziako zubi zurian. Aurreko urteetan bezala, giroa animatzeko musika emanaldia egongo da itsasadarretik hondartzara bidean, eta, horretaz gain, zenbait sorpresa eta berritasun egongo direla ere iragarri dute.
Aurreko urteetan, Danontzat gaztetxean egiten zituzten bazkarietan 400 pertsona inguru batu zituzten, baina, iaz bezala, aurten ere ez da bazkaririk egongo, izurritearen aurkako osasun-neurriak mantentzeko. Hala ere, bazkaltzeko tuper bat izango duten motxilak jarriko dituzte salgai, piraguetan parte hartzeko tiketakaz batera.
Parte hartzeko ez dago izena eman beharrik, baldin eta norberak bere garraioa eramaten badu. Hala ere, antolatzaileek adierazi dute 80 piragua bikoitz ahalbidetuko dituztela, eta daborduko horietatik erdiak baino gehiago hartuta dauden arren, oraindik ere izena emateko tartea dago Itsas Martxako sare sozialetan jarri dituzten bideak baliatuz.