Egunotako botiloiak eta erasoak gaitzetsi ditu Plentziako Udalak

Erredakzioa 2021ko abu. 2a, 18:32

Iazko udako irudiak errepikatzen ari dira egunotan Plentzian eta Gorlizen, eta kale-zurrutak ohiko bilakatu dira udalerri bi horietan gazteen artean. Egoera horri aurre egin guran, urgentziazko mozio bat aurkeztu zuen Plentziako EAJk uztaileko osoko bilkuran, jeltzaleen aldeko botoakaz onartu zena. EH Bilduk horren kontra bozkatu zuen, azaldu zuenez, ez idatzian azaltzen denagatik, "puntu batzuekin ados egon gaitezkeelako, baizik eta aurkeztutako moduagatik". Izan ere, koalizioak deitoratu zuen bilkuran bertan izan zuela testuaren berri.

Joan den eguenean, uztailaren 29an, egindako osoko bilkuran Plentziako Udalak presazko mozio bat onartu zuen azken asteetan udalerriak jasaten dituen istiluak eta botiloiak gaitzesteko. Mozioak udal-gobernuaren (EAJ) babesa eta oposizioko taldearen (EH Bildu) aurkako botoa jaso zituen.

Bozketan, EH Bilduk deitoratu zuen une horretan bertan jaso zutela dokumentuaren berri, eta ezinezkoa zitzaiela horren alde bozkatzea, elkarregaz landu ez eta horren aurrean ezer esaterik ez zutelakoan. Gobernu-taldeak, aldiz, argitu zuen presazkoa izanik legezkoa zela testua hala bideratzea, "zuzena eta egokia"; hala ere, oposizioak azpimarratu zuen ez zela "sozialki egokia" hori horrela zuzentzea.

Horren harira, koalizio abertzaleak mahaigaineratu zuen azken egunotan gobernu-taldea hainbat hedabidetan agertu izan dela esanez intentzioa duela batzorde-misto bat osatzeko kale-zurrutaren arazoari aurre egiteko; hala ere, osoko bilkuran gertatutakoa ikusita, "zalantzan" jarri zuten aurreikuspen hori.

Bere aldetik, Elixabete Uribarri alkateak azpimarratu zuen testu horren bitartez egin gura dutena dela udalerri moduan kale-edana gaitzestea, "besterik ez".

Onartutako mozioa, osorik:

Azken egunotan, pertsona batzuen jarrera arduragabea eta insolidarioa dela eta, tamalez, Plentzia gune mediatiko bihurtu da. Azken asteburuetan, botiloiak eta jende kontzentrazio handiak egin dira gure hiribilduko hondartzan, osasun-arauak bete gabe, parte hartzen zutenak, baina baita Plentziako gainerako herritarrak ere arriskuan jarriz.

Ondo pasatzeko nahiak ezin ditu justifikatu eta ez du justifikatu behar, jende-pilaketa errepikari hauetan ematen ari diren bandalismoa, hiri-altzarien kalteak, zikinkeria edo gaueko zaratak.

Era berean, kontzentrazio hauetan, parte-hartzaile batzuek indarkeriazko eta mehatxuzko jokabideak izan dituzte haiek sakabanatzen saiatzen ari ziren Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren aurka, hala nola hondartzako Garbiketa Zerbitzuko langileen aurka.

Plentziaren ezaugarri bereizgarri izan da beti bere jarrera solidarioa, irekia, atsegina eta maitekorra herria bisitatu eta herriaz gozatu nahi izan dutenekin. Une honetan, eta azken egunetako gertakari tamalgarri eta larrien aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:

  • Irmo gaitzetsi nahi ditugu beren dibertsioa guztion ongiaren aurretik eta plentziarrekiko begirunerik txikiena azaltzen duten pertsona batzuen gizalegearen kontrako jarrera insolidario eta justifikaezinak. Plentzian ez ditugu ongi hartzen osasun-arauak betetzen ez dituzten pertsonak eta bere jokabide arduragabeekin udalerriko bizikidetza nahasten dutenak.
  • Birusa zabaltzen laguntzen duten legez kanpoko botiloiak egitea salatzen dugu, gure herritarren eta parte-hartzaileen osasuna arrisku larrian jarriz. Dei egiten diegu egoera horietan parte hartzen duten pertsona guztiei indibidualki beren jarreren erantzukizuna har dezaten. Pandemia batean jarraitzen dugu, eta oraindik pertsona asko sakrifikatzen ari dira normaltasunera lehenbailehen itzul gaitezen. Birusaren intzidentzia handiko une batean bizi gara, eta kutsatze-datu oso kezkagarriak ditugu, batez ere gazteen artean, oraindik jende asko baitago txertoa hartu gabe.
  • Era berean, hondartzetako Garbiketa Zerbitzuko langileek, Ertzaintzako agenteek eta udaltzainek beren eginkizunak betetzean jasan dituzten mehatxuak eta erasoak gaitzesten ditugu. Eskerrak ematen dizkiegu egiten ari diren lan zailagatik, plentziar guztien segurtasuna bermatuz, eta gure babes eta elkartasun osoa erakusten diegu.
  • Azkenik, plentziar guztiei eskatzen diegu azken urte eta erdian izan dugun jarrera arduratsu eta solidarioarekin jarrai dezagula, azken egunetan bizi izan ditugun egoerak saihestuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun