Plentziako hondartzak daborduko Q bandera bereizgarria erakuts dezake, Espainiako Kalitate Turistikoaren Institutuak (ICTE) bikaintasuna lortzen duten hondartzei ematen dien bereizgarria, hain zuzen ere. Gorlizekoagaz batera, EAEn izendapen hori duten hondartza bakarrak dira, eta UNE-ISO 13009 nazioarteko kalitate-araua betetzen dutela egiaztatzen duen ikuskaritza sakona gainditu ondoren lortu dute biek.
Plentziako udal-ordezkariak pozik azaldu dira izendapen honegaz, eta adierazi dute turismo-zerbitzuetan bikaintasuna lortzeko egiten ari diren lana agerian uzten duela. "Gure konpromisoa herritarrei eta bisitatzen gaituzten pertsonei kalitatezko turismo lehiakorra eskaintzea da. Zentzu horretan, Plentziako hondartza plentziarren eta bisitarien gozamenerako baliabidea da, erreferentziazko hareatza Bizkaian eta Euskadin, eta bertan ahalik eta esperientziarik onena bizitzea gura dugu", azaldu du Elixabete Uribarri alkateak.
Hondartzaz gain, bisitariak hiribildura erakartzeko egindako lana ere azpimarratu gura izan dute, eta, horretarako, azpiegituren eta zerbitzuen hobekuntzez gain, Barrikako eta Gorlizko udalakaz eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Elkarteagaz batera, martxoan, aurkeztutako mapa turistikoak ere nabarmendu dituzte.
Turismoa berreskuratzen
Ildo horretan, Plentziako turismo-bulegoa bisitatu duten turisten kopurua % 30,7 igo da aurten, 2020ko aldi beragaz alderatuta; iaz 612 bisitari izan ziren, eta aurten 884. Horietako % 37,21 EAEkoak izan dira, % 55,20 estatu espainiarrekoak (Madril % 13,12 eta Katalunia % 10,07), eta % 7,58 atzerritarrak (Frantzia % 7,07 eta Belgika % 0,9).
2019ko ekainean eta uztailean zehar 1.514 bisitarik jo zuten turismo-bulegora, eta Ainhoa Claro Plentziako Udaleko turismo teknikariak azaldu duenez, "zabaltze ordutegia murriztuagoa zen orduan, beraz, oraindik aurreko zifrak berreskuratzeko falta den arren, bide onean goazela esango nuke".
Clarok zehaztu du Plentziara doazen bisitari gehienek alde zaharragatik eta ibilbideen inguruko informazioa eskatzen dutela, "baina gastronomia eta ekintza ezberdinei buruz ere asko galdetzen dute". Bestalde, kontzertuak antolatzen direnean ere interes handia pizten dela azaldu du.
Horretaz gain, bisitariei eskaintzeko hainbat jarduera bultzatzen dituzte turismo-bulegotik, besteak beste, Crusoe Treasuren itsasontzian irteera bereziak edo Plasentia de Butron Museora eta Plentziako Alde Zaharrera egindako bisita gidatuak. Azken horien kasuan, bederatzi bisita programatu dituzte uztailerako eta abuzturako (90 plaza), eta gaur egun, horien okupazioa % 64koa dela jakinarazi dute.
Bestalde, Crusoe Treasure itsasoaren hondoko boutique upategia ezagutzeko programatu dituzten uztailetik irailera arteko zazpi irteerek (70 plaza) % 70eko okupazioa izan dute orain arte. Txango horietan, itsasontzi-irteera egiteaz gain, Barrikan dastaketa eta upategietan egiten den lana ezagutzeko aukera eskaintzen dute.
“Datuetan ikusten denez, Udalak, herriko turismo-enpresakaz batera, Plentziako turismoaren aldeko apustua egiten ari da, hiribilduaren motor ekonomiko gisa. Pixkanaka jasangarriagoa den turismoaren alde gabiltza lanean, itsasoko biodibertsitatea, udalerriko ondare historikoa eta itsas ondarea balioetsiz eta ostalaritzak eta merkataritzak eguneroko bizilagunez gain, bezero berriak izatea ahalbidetuz”, azpimarratu du Iñaki Saenz de la Fuentek, Turismo zinegotziak.