Elixabete Uribarrik, Plentziako alkateak, sinatutako gutun batean Getxoko ertzain-etxeari erregu egiten dio hurrengo asteburuan agenteen presentzia bikoiztu dezaten, azken asteburuetan jazo diren kale-zurruta, ekintza bandalikoak eta jende pilaketak eragozteko. "Erregutzen dizuegu laguntza ematea eta zuen presentzia indartzea, jende pilaketak eragozteko, deitoratu behar dugun ezbehar bat gertatu baino lehen", dio gutunean.
Eskaeraren larritasunaz ohartarazteko, Uribarrik larunbat honetan kale-zurrutean parte hartu zutenek Arpillaoko aparkalekuko arkupeetan, hondartza ondoan, eragindako kalteak zerrendatu dizkie: "Zikinkeria, hondarrean hautsitako kristalak, komun publikoetako hodien haustura, sorospen-moduluan izandako kalteak...".
Gutunean, alkateak azaltzen du Udalak dituen baliabideakaz arazo horiek konpontzen saiatu direla, eta ez du Ertzaintzako agenteen lana zalantzan jartzen, aitzitik, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak beren eginkizunak betetzean sufritu dituzten eraso guztiak gaitzesten ditu.