Plentziako Udalak, irailaren 30era arte erabilgarri egongo den disuasio-aparkalekua egokitu du Errotabarri futbol-zelaiaren inguruan. Jakinarazi dutenez, gutxi gorabehera 80 ibilgailuko edukiera dauka, eta aparkatzea librea eta doakoa izango da; hala ere, azpimarratu dute aparkatzea debekatuta egongo dela 00:00etatik 06:00etara edo gaua bertan igarotzea.
Udal iturriek azaldu dutenez, hiribilduak udaldian jasotzen dituen bisitarien kopuru handia dela eta, ahalegin guztiak egin dituzte disuasio-aparkaleku gisa funtzionatuko lukeen gune bat gaitzeko. Zentzu horretan, udalerriko erdigunean dagoen aparkaleku eskasia arindu gura dute, hondartza inguruko Arpillaoko aparkalekuaren itxiera dela eta, ibilgailuak uzteko arazoak "gehiago nabaritzen ari baitira".
Ekimen honi esker, autoa erdigunetik gertu uzteko aukera eman gura diete erabiltzaileei, eta, horretarako, bereziki prestatutako gunea sortu dute. Zehaztu dutenez, metro-geltokiaren parean dagoen oinezkoentzako pasabideagaz lotzen den espaloi baten bidez konektatu dagoen aparkalekua da, eta, beraz, erabiltzaileek igarobide segurua dute herriko erdigunera arte.
Jarduera hau egiteko, Plentziako Udalak baimena eskatu dio Euskadiko Kosten Mugapenari, futbol-zelaiaren inguruetan aparkalekua aldi baterako baimentzeko, udako denboraldia amaitu arte. Azaldu dutenez, eskaera formaka egin eta Euskal Herriko Itsasertz Mugartearen baimena jaso ondoren, disuasio-aparkalekua jarri du Udalak bertan. Horretarako, tokiko gobernuak hainbat egokitzapen-lan egin dituela adierazi dute, zorua leundu eta espazioak seinaleztatu dira, besteak beste.
Horretaz gain, Plentziako Udalak antzeko baimena eskatu du beste erakunde bati, udalerriko beste eremu batean antzeko jarduera bat aurrera eramateko asmoagaz, baina oraindik erantzunaren zain daudela jakinarazi dute.