"Isuskitzako Herri Lurrak" liburua

Plentziako herri-lurren berreskurapena, eukaliptotik hariztira

Ander Zarraga 2021ko abu. 26a, 16:07

Isuskitzako Herri Lurrak liburua altxor natural baten berreskurapenaren azken urratsa da; 2016an hasi zen ibilbidearen bilduma, hain zuzen ere. Bertan, Plentziako Herri Lurrak Elkarteak orain arte egindako lana azaltzeaz gain, Isuskitzako herri-lurren historia, bilakaera, ingurumena eta balioa azaltzen du, bederatzi adituren eskutik.

Isuskitzako herri-lurren biziberritzea elkarlan eta parte hartze istorio bat da; Plentziako zenbait herritarrek, Udalagaz batera, ingurumena eta udal-jabetzako lursail publikoak berreskuratzeko egindako ekimena, hain zuzen ere. Isuskitzako Herri Lurrak. Iragana eta etorkizuna liburuan orain arte egindako landa-lana eta ikerketak batu dituzte, arlo ezberdinetako bederatzi egileren ekarpenakaz. Bertan, biologia, historia edo ekologia bezalako alorretako ikerketen emaitzak aurki daitezke, Isuskitzako proiektuaren nondik norakoak zehaztasun osoz azalduz.

Liburuaren lehen atalean, Plentziako Herri Lurrak Elkartea aurkeztu eta orain arte Isuskitzan egindako lana azaltzen dute. Horren arabera, 2016an hasi zen guztia, herritar talde batek eta Plentziako Udalak tamaina eta mota ezberdinetako 22 herri-lur inbentariatu zituztenean. Ondoren, udal-jabetzeko lursail horientzako erabilera posibleak ikertzen hasi ziren, urteetan eukaliptoaren eta pinuaren baso-ustiapenerako erabili baitziren. Eremu horientzako beste erabilera ekologiko eta sozialago bat emateko asmoagaz, Isuskitzan eman zituzten lehen urratsak, urbanizazio ondoko udal-jabetzako 15 hektareatan haritzak landatuz.

Diotenez, artxibo historikoan XVIII. mendeko ordenantzetan oinarritutako hariztia birlandatzeko asmoa dute; iraganean, bertatik ateratzen zen Plentziako ontzioletarako erabiltzen zen haritz-egurra, beteak beste. Baso horrek onura handiak ekarriko lizkioke Plentziari eta ingurumenari: suteen arriskua nabarmen gutxitu, lurzoruaren aberastasuna hobetu, karbono-hustutegiak ugaritu, itsasoa elikagaiz hornitu eta euri-erauntsien eragin kaltegarrian murriztu, beteak beste.

Basoa haritzez birlandatzeko, Plentziako eskolako eta institutuko ikasleengana jo zuten, herriko belaunaldi gazteak ere proiektuan murgiltzeko. Hala, gazteek aritzen haziak landatzeaz arduratu ziren, gero Isuskitzako mintegietan jartzeko. Horretaz gain, urte hauetan zenbait auzolan eta ekintza antolatu dituzte, Isuskitzako baso autoktonoa berreskuratzeko proiektuaren berri emateko eta herritarrak inplikatzeko helburuagaz.

Isuskitzamendiko baso jangarria

Liburuan azaltzen den beste landa-proiektua Isuskitzamendiko baso jangarri-esperimentalarena da. Aurten egindako esku-hartzean, tontorraren ingurua sastrakaz garbitu, eta Marta Zelaia paisajistaren irizpideak jarraituz, Hazien Sareak emandako hainbat fruta-arbola autoktono landatu dituzte. Hala, Isuskitzamendin espezie ezberdinek osatutako zirkuluak egin dituzte, nekazaritza-sistema orekatu bat sortzeko, ingurumenarentzako eta gizartearentzako errentagarria izango dena. 

Horretaz gain, liburuan, Isuskitzako baserri batean jaiotako Josune Rotaetxe Arrizabalaga historialari eta geografoak lur horien azken mendeko historia kontatzen du, nola XIX. mendearen berrogeita hamarreko hamarkadan, Olagibel enpresariak lurrak erosi eta Gipuzkoako kolonoakaz birpopulatu zuen, nekazaritza eta abeltzaintza ustiapen emankorra sortuz. Gero lur horiek saldu eta gaur egungo urbanizazioa eraili zuten.

Horietaz gain, Isuskitzako herri lurrak liburuan beste hainbat pertsonek parte hartu dute: Mikel A. Lopez geologoak Abiña Meandroaren berreskuratze geobotanikoaren proiektua azaltzen du, Butroi ibaiaren goi-estuarioan; Patxi Galék baso historiko didaktikoaren egitasmoa azaltzen du, mendizaletasunaren ikuspegitik; Iñigo Zarandona biologoak Isuskitzako herri lurren bioaniztasuna eta haren garrantzia deskribatzen du, eukalipto basoen eta hariztien arteko aldea deskribatuz; David Crestelo irakasleak Isuskitzako udal-partzelen jatorria eta pribatizazioaren nondik norakoak zehatz-mehatz azaltzen ditu; Jesus Serrano Plentziako Herri Lurrak Elkarteko kideak Plentziako Udalaren jabetzako herri-lurren berri ematen du, horien erabilerari buruzko hausnarketa bat mahaigaineratuz, orain arte, pinua eta eukaliptoa ustiatzeko erabili baitira; Mikel Serrano itsas-zientzialariak eukaliptoen landaketek Butroi ibaiaren itsasadarrean duten eragina du aztergai, basoa eta eta arrantza eskutik doazela ondorioztatuz; bukatzeko, Neiker nekazaritza-ikerketa eta garapenerako euskal erakundeak, Isuskitzako lurzoru mineraletako karbono organikoaren stockak monitorizatu ditu, eta liburuan ikerketa horien ondorioak adierazten dira.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun