Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Plentzian bart gaueko istiluetan

Ander Zarraga 2021ko ira. 1a, 09:12

Getxoko ertzain-etxeko eta Brigada Mugikorreko agenteek burutu zituzten atxiloketak, bart Plentzian. © ERTZAINTZA

Plentzian, Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu bart desordena publikoak eragitea eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua egitea egotzita. San Antolin jaiak ospatzekoak ziren egunotan, baina, pandemia dela eta, bertan behera gelditu dira; horren aurrean, Udalak iragarri du "herritarren segurtasuna bermatzeko dispositibo berezi bat" martxan jarriko duela.

Atzo gauean, abuztuaren 31n, Plentziako Alde Zaharrean gertatutako istiluetan, Ertzainak hiru gizon atxilotu zituen desordena publikoak eta agintaritza-agenteen aurkako atentatua egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, horren aurretik, ehunka lagun pilatu ziren inguru horretan, eta horietako asko ostalaritza-lokalen kanpoaldean ari ziren edaten, osasun-neurriak bete gabe.

Ertzaintzak azaldu duenez, Getxoko ertzain-etxeko eta Brigada Mugikorreko agenteek megafoniaz jakinarazi zieten ingurua utzi behar zutela. Bildutako askok alde egin zuten arren, talde bat bertan geratu eta aulkiak, botilak eta beste objektu batzuk botatzen hasi ziren polizia-agenteen aurka.

Jarraian gertatu ziren istiluetan, hiru gizon, 21 eta 25 urteko heldu bi eta adingabe bat, atxilotu eta ertzain-etxera eraman zituzten. Adin nagusikoak epailearen esku utziko dituzte datozen orduetan, eta adingabea, berriz, aske utzi dute legezko tutoreen esku, Adingabeen Fiskaltzari jakinarazi ostean.

Plentziako Udalaren erantzuna

Plentziako Udalak sare sozialetan egin duen komunikatu batean adierazi du "nazkatuta" daudela, "gizalegearen aurkako jokabide hauekin, gizarte osoari kalte egiten diotelako, bereziki, Plentziako herritarrei". Horretaz gain, irmoki gaitzetsi dituzte istiluak eta "pertsona intolerante horiek protagonizatu dituzten erasoak bizikidetza mespretxatzen dutela" deitoratu dute. Komunikatuan, udal-agintariek eskerrak eman dizkiete Ertzaintzari eta Udaltzaingoari, "ordena publikoa berrezartzeko egiten ari diren lan guztiagatik".

Bestalde, Udalak azpimarratu du herriko jaiak ospatu behar zirela egunotarako, eta "herritarren segurtasuna bermatzeko" dispositibo berezi bat martxan jartzeko azken lerroak zarratzen ari direla. Bukatzeko, berriro ere gogorarazi dute jaiak bertan behera geratu direla Plentzian: "Ez dago inolako jairik".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun