Ertzaintzak gazte bat atxilotu du Plentzian, desordena publikoa egotzita

Ander Zarraga 2021ko ira. 3a, 09:52

Segurtasun Sailak adierazi duenez, bart gauean istiluak sortu ziren Plentziako portuaren eta Alde Zaharraren inguruan Ertzaintzako agenteek kale-zurruta egiten ari zen jende-pilaketa disolbatzera joan zirenean. Gertaera horretan, agenteek 18 urteko gazte bat atxilotu zuten desordena publikoa egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Plentziako bizilagunek ohartarazpena egin zioten Ertzaintzari, esanez atzo iluntzean, eguenean, portuaren eta Aldea Zaharraren inguruan kale-zurruta egiteko jendea pilatzen ari zela, bide publikoan edaten eta herritarrei eragozpenak sortzen.

Getxoko ertzain-etxeko patruilak eta Brigada Mugikorreko hainbat furgoneta bertaratu ziren, eta bide publikoan ehunka pertsona batuta eta edaten ari zirela egiaztatu zutenean, inguruak usteko agindua eman zuten. Bertan zeudenetako batzuek uko egin zuten, eta, Segurtasun Sailak adierazi duenez, agenteei harriak eta botilak botatzen hasi ziren, polizia-ibilgailuetan kalte materialak eraginez.

Goizaldeko 02:00ak arte iraun zuten istiluek, eta, horietan, 18 urteko gazte bat atxilotu zuten desordena publikoak egotzita. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun