Plentziako Udalak zazpi kultur jarduera prestatu ditu hilabete honetarako; horien amaiera handia azken asteburuan izango da, 24, 25 eta 26an Artekale kale eszenikoen jaialdiaren laugarren edizioa egingo baita.
Lehen hitzordua bariku honetan izango da, irailaren 10ean, Gonzalo Portugalek kontzertua emango baitu Goñi Portalen, 20:00etatik aurrera. Irailaren 12an, domekan, Txipioko eskolako patioan publiko guztientzako Matra ma non troppo antzezlana egongo da, 18:00etan. Bestalde, irailaren 17an, Recuerdos de Txefe liburuaren aurkezpena egingo dute Goñi Portalean, 19:00etan. Hiru jarduera horiek edukiera mugatua izango dute, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Kaleko arte eszenikoen jaialdia
Irailaren 24, 25 eta 26an egingo da Artekale, kaleko arte eszenikoen jaialdia. Laugarren edizioa berezia izango dela aurreratu dute antolatzaileek, izan ere, pandemia dela eta, jaialdiaren formatua moldatu behar izan dutela adierazi dute, eta ikuskizun guztiak Ontziola plazan egingo dituzte.
Jaialdiaren lehen egunean, hilaren 24ean, barikuan, La Tal talde kataluniarraren The incredible Bos emanaldia egongo da, 20:00etan. Hurrengo egunean, zapatuan, Andaluziako Chicharron Circo Flamenco taldearen txanda izango da, Sin ojana izeneko obra antzeztuko baitute arratsaldeko 20:00etan. Domekan, hilak 26, saio bikoitza egongo da: lehenik, Maite Guevarak ¡Qué buen día! ikuskizuna eskainiko du, 13;00etan, eta, ondoren, arratsaldeko 19:00etan, Ganso & y Cía taldeak itxiko du jaialdia Panoli Kabareta emanaldiagaz.
Jaialdiko ikuskizunez gozatzeko sarrerak doakoak izango dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira Goñi Portal kultur etxean, irailaren 9tik 23ra bitartea. Horren ordutegia hau da: astelehenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.