Plentziako EH Bilduko zinegotziek protesta egin dute eta ez dira gaurko udalbatzara joan

Ander Zarraga 2021ko ira. 30a, 13:19

Plentziako EH Bilduko zinegotziek grabatutako bideoaren frame bat. © PLENTZIAKO EH BILDU

Salatu dute Plentziako Udalak osoko bilkurak arratsaldetik goizeko ordutegira mugitu dituela, eta erabaki horren helburua dela "herritarren bertaratzea eragoztea eta oposizioko zinegotzien lana oztopatzea".

Plentziako EH Bilduko zinegotziak ez dira gaurko, irailaren 30eko, Udalaren osoko bilkurara joan. Azaldu dutenez, erabaki hori hartu dute gobernu-taldeak udalbatzak goizeko ordutegira pasatu dituelako. Sare sozialetan jarri duten bideo batean salatu dutenez, Udalak 23 urte daramatza udalbatzarrak arratsaldez egiten, eta legealdi erdian erabaki hori hartzeko arrazoia hau dela azpimarratu dute: "Herritarrek parte hartzeko aukera izan ez dezaten, eta liberatuta ez dauden zinegotziak bertaratzeko trabak izan ditzaten".

Erabaki hori hartzeko, udal-gobernuak argudiatu du bilkurak goizez egiten badituzte udal-teknikariek horietan parte hartzeko aukera izango dutela. Baina EH Bilduko ordezkariek jakinarazi dute udal-teknikarien kontratuan arratsaldean bertaratzeko aukera aurreikusita dagoela, eta, azaldu dutenez, "udal-idazkariak berak argi utzi zuen ez zeukala inolako arazorik bi hilabeterik behin arratsaldeetako bilkuretara joateko".

Gaitzetsi dute erabaki horren arrazoi bakarra dela "herritarren bertaratzea eragoztea eta oposizioko zinegotzien lana oztopatzea"; izan ere, behin baino gehiagotan azaldu diote Udalari "arazo larriak" dituztela beraien lana eta goizeko osoko bilkurak uztartzeko.

Horrenbestez, gaur, irailaren 30eko osoko bilkurara ez dira bertaratu, eta Udalari exijitu diote osoko bilkurak arratsaldez egin ditzaten, bai beraiek bai herritarrek ere bertaratzeko aukera izan dezaten.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun