Aste honetan egingo dute Lanbro Beltza topaketaren IX. edizioa

Ander Zarraga 2021ko urr. 11a, 12:23

Beste urte batez, Plentziako Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak Lanbro Beltza  topaketak antolatu dituzte Plentzian. Eleberri beltzaren inguruko IX. jardunaldi hauetan hainbat idazle eta adituk parte hartuko dute egunetik zapatura, urriaren 14tik 16ra, egingo dituzte solasaldi eta mahai-inguruetan. Gainera, Nazioarteko Ipuin Lehiaketaren irabazleak ere izendatuko dituzte.

Hurrengo eguenean emango diote hasiera IX. Lanbro Beltza topaketen egitarauari. Zapatura bitartean, nobela beltza izango da protagonista Plentziako Goñi Portalen. Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak urtero antolatzen duten topaketa honetarako 20 egile eta aditu gonbidatu dituzte aurten. Zazpi mahai-inguru eta solasaldietan banatuta, komikiei buruz, generoaren bilakaerari buruz edo emakumeek mota horretako istorioetan izan duen ibilbideari buruz arituko dira, besteak beste.

Aurten gonbidatu dituzten egileen artean daude Jon Arretxe, Juan Infante, Laura Balagué, Carmen J. Nieto, Susana Rodríguez Lezaun, Carlos Bassas, Javier Abasolo, Ibon Martin eta Mikel Santiago. Gainera, aurten gaztelaniazko eleberri beltzaren aitzindarietako bat ere egongo da topaketetan; Juan Madrid idazlea.

Bestalde, Lanbro Beltza IX. Nazioarteko Ipun Leihiaketako irabazleak ere izendatuko dituzte. Zapatuan, euskaraz zein gaztelanianz parte hartu duten ia 300 ipuinen artean onenak zeintzuk diren erabaki, eta sarituko dituzte.

Egitaraua

  • Urriak 14, eguena:
    • 18.45etan, Txapel Noir I. Javier Bolado, Elena Fernández, Ángela Martín eta Hermelo Melero
      Moderatzailea: Juan Infante
  • Urriak 15, Barikua:
    • 18.00etan, Heriotza Goñi Portalen. Kike Infame eta Sr. Verde
      Moderatzailea: Jon Spinaro
    • Txapel Noir II Laura Balagué, Almudena Fernández Ostolaza, Juan Infante eta Javier Otaola
      Moderatzailea: Noemí Pastor
  • Urriak 16, Zapatua:
    • 11.30ean, Txapel Noir III: Hiritik herrira klabe beltzean. Javier Abasolo, Javier Díaz Carmona, Noelia Lorenzo Pino eta Ibon Martín
      Moderatzailea: Noemí Pastor
    • Eleberri beltzaren idazleen bilakaera eta berrikuntza. Jon Arretxe, Carmen (CJ) Nieto eta Mikel Santiago
      Moderatzailea: Juan Mari Barasorda
    • 17.00etan, Arratsaldea pasa hiltzaileen artean. Paz Velasco de la Fuente, kriminologoa
      Cherchez la femme: Carlos Bassas, Marta Marne eta Susana Rodríguez
      Moderatzailea: Ricardo Bosque
    • Idazle saritua 2021eko Lanbro Beltzan eta Juan Madrid
      Galdeketa-egilea: Jokin Ibáñez
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun