Plentziako esaera zahar batek dioenez, "Plentzia, la Gallarda, dio hombres y buques a la Armada. Bilbao, cortés, solo dio tres. Pero Portugalete, la cerrada, esa no dio nada". Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi heldu zaigu, gutxienez, XVI. mendean hiru fragata bidali omen zirela hiribilduko portutik Espainiako Itsas Armada Garaiezinera; baina, nortzuk izan ziren kostaldeko herri txiki horretatik joan zirenak? Eta, zergatik? Galdera horiei, eta beste gehiagori, erantzuna eman guran, Plencia: una villa volcada al mar (siglos XIII-XVIII) liburua argitaratu du Pablo Amores Bilbao historiazale plentziarrak.
Lanbidez ingeniari informatikoa baina pasioz historialaria denak gogoratzen duenez, Plentzia itsasoari lotuta egon da beti; XIII. mendean, Butroeko itsasadarrean, denboraleetatik babestuta eratu zuten lehenengo herria, 1236 inguruan. Hamarkada gutxi geroago, 1299an, Diego Lopez de Harok, hiri-gutunaren bidez, hiribildu izaera aitortu zion herriari eta, ordutik, ez dira gutxi izan kale eta kantoi horietatik igarotako pertsonai eta pasadizo historikoak. Izan ere, Plentzia, inguruko kostaldeko herriak ez bezala, ez du inoiz arrantza-ohitura handirik izan, inguruneak hala baldintzatuta. Hala, horren ordez, izaera komertziala izan du batez ere: bertako marinelen jarduera nagusia kabotajea izan zen mendez mende, askotariko merkantziak portuz portu garraiatuta; hala ere, urteek aurrera egin ahala, itsas zabaleko nabigazioan ere trebatu ziren asko, eta garai modernoetako gerrateetan zeresan handia izan zuten horietako hainbatek ere. Horren erakusgarri da hiribilduaren armarria, non olatu batzuen gain, gaztelutxoak dituen XV. mendeko gerra-itsasontzi bat agertzen den; adituek diotenez, horixe da garaiko Placentiak Bizkaiko Jaunaren ontzidiari edo armadari egindako ekarpenaren adierazgarri.
Domingo Ochoa de Yturribalzaga Sertucha izan zen gerrara joandako plentziarretako bat. 1546an hiribilduan jaioa, inguruotako marinelik eskarmentuena zen, eta horrexegatik izendatu zuten Itsas Armada Garaiezineko gerraontzi nagusiko, San Martineko, pilotu, 1588an. Amores Bilbao historiazaleak jakin izan duenez, gerretatik salbu bueltatzea lortu zuen, eta "armadetako pilotu nagusi" kargua lortu zuen. "Pertsonai hori oso ezaguna izan da; testu-liburu askotan agertu da, baina inork ez zekien nongoa zen. Hala ere, nik baieztatu ahal izan dut bertokoa zela, eta Plentziako Eliz plazan zuela etxea", nabarmendu du ohoretsu Amores Bilbaok.
Baina Ochoa ez zen monarkia hispanikoaren alde borrokatu zuen plentziar bakarra izan. Historiazaleak azaleratu duenez, bertoko marinelak beste hainbat gatazkatan ibilitakoak dira; besteak beste, Tunezeko konkistan parte hartu zuten, 1535ean; Floridako itsas armadako kide izan ziren, 1566an; eta Bizkaiko itsas armadan jardun zuten, 1625ean, Brasilera joan eta Salvador de Bahia "askatzera". Amores Bilbaok zehaztu duenez, azken misio hartara Plentziako hiru itsas-gizon joan ziren; horietako bat: Ochoaren semea.
Piratak eta kortsarioak, Plentzian
Jarduera komertzial eta garaiko errege-erregina eta nobleekiko harreman horrek aberastasun nabarmena ekarri zuen hiribildura, baina baita piratak eta kortsarioak erakarri ere.
Pablo Amores Bilbaok zehaztu duenez, Bilboko Protokoloen Artxiboan itsaslapurren inguruko informazio zabala dago, XIX. mendera arte. "Ez dakit zergatik, baina denek zekiten hori hor zegoela, baina inork ez du ezer ikertu horren inguruan, dirudienez". Iturri horretatik edateaz gainera, Plentziako eta Bizkaiko Foru Aldundiko artxiboetatik jaso du informazioa, baita Valladolideko Errege Kantzelaritzatik eta Simancaseko Artxibotik ere. Kontuak horrela, batutako informazio guztitik, Amores Bilbaok ondorioztatu du Plentziak iragan distiratsu bezain zalapartatsua izan duela.
Esan bezala, bertoko marinelak kabotajean adituak ziren, eta inguruko herrialdeetako merkantziak zekartzaten ontzien joan-etorriak handiak ziren hiribilduko itsasadarrean. Tamaina guztietako itsasontziak zetozen gurera, Butroe ibaian gora, gaur egun zubia dagoen inguruan porturatzera, horixe baitzen garaiko portua. Hala ere, bidaiak ez ziren errazak izaten, baldintza meteorologikoei lapurreten arazoa gehitu behar baitzitzaion. "Piratak edo itsaslapurrak ohikoak ziren hemen; Billano uhartearen atzean ezkutatzen zituzten ontziak, ingurutik pasatzen zen edozein itsasontziri eraso egiteko". Kontuak horrela, lapurreta horietatik babesteko, hiribilduak hainbat gotorleku izan zituen; nabarmenena da gaur egun Plentziako Itsas Estazioa (PIE) dagoen lekuan zegoena, Arriko Arritxu izenekoa, hain zuzen ere. Horrek kanoi bi zituen XVII. mendean, baina lau izatera iritsi zen XVIII. mendean. "Dokumentatuta dago horrek tiro egin behar izan zuela behin baino gehiagotan piratak uxatzeko".
Itsas-lapur horietako asko kortsarioak ziren, monarkia baten edo bestearen alde horretarako baimena zutenak, alegia. Izan ere, Amores Bilbaok zehaztu duenez, gurean kortso-patenteak eman ziren Ingalaterra eta Frantziaren kontrako gerretan, besteak beste.
Historiazale plentziarrak dokumentatu ahal izan duen lehenengo erasoa 1477koa da. Horretan, Johan de Plasencia izenekoak Joan Beozart frantsesaren ontziari eraso egin zion. Urte batzuk geroago, 1544an, Plentziako Santiago Larrazabal eta Juan Diaz Ingles kortsarioek atzerriko ontzi banari lapurreta egin zioten, eta horietako bat Plentziako portuan enkantean ipini zuten. Modu berean, frantziar bat Plentzian porturatu zen harrapatutako ontzi bategaz eta bereagaz. "Atzitutakoa saltzen hasi zen hemen, baina Plentziako alkateak baimenak eskatu zizkionean salmentak legalak ziren edo ez ziurtatzeko, horrek, kortso-patentea ez zuenez, bere marinelek fusilak atera eta hondartzako gotorlekuak tiro egin zien; azkenean, ihes egitea lortu zuten, eta Bizkaiko jaurerria arduratu zen lapurtutakoaz, horrek baitzuen eskumena piraten gaietan", azaldu du Amores Bilbaok.
Beste batean, 1798an, plentziar bat itsasoratzen ari zela, piratek hura eta bere ontzia harrapatu eta erreskatea exijitu zioten. Horretarako, zorigaiztokoak txalupa bat hartu, Plentzian lehorreratu eta dirua eskatu behar izan zion lagun bati, ondoren eskakizunak pagatu ahal izateko; "eta halaxe egin zuen. Erreskatea ordaindu ondoren, piratek aske utzi, itsasontzia bueltatu eta, 24 orduko epean, itsas-protesta egin behar izan zuen notario baten aurrean".
La famosa plenciana, kortsarioak
Aipatutakoez gainera, atzerriko piraten erasoak etengabeak izan ziren Plentziako itsasadarrean. Hori dela eta, inguruak babestu guran, 1794an, hiribilduko auzokideek La Famosa Plenciana izeneko ontzia armatu zuten, kortsario gisa. "Ez dakit ontzi horrek erasorik egin zuen edo ez, baina dokumentatuta dago garai haietan Manuel Lanuz kapitain frantsesaren kortsario-ontzia harrapatu zutela inguruotan", zehaztu du plentziarrak.
Juan de Plasencia eta Anton de Garay. Frantziako koroagaz bake-akordiora heldu ondoren, Espainiako monarkiak kortsario izateko baimena kendu zien marinel askori. Horietako bat izan zen Juan de Arbolancha bilbotarra, ituna sinatu eta gutxira itsasontzi frantses bati eraso egiten harrapatu zutena; heriotza-zigorra ezarri zioten. Plentziako Juan de Plasenciaren kasua antzekoa izan zela dio historiazaleak; "Horrek, kortsoan ibiltzeari utzi eta pirata gisa jardun zuen, beste hainbat itsasontziri lapurreta egiten. Halako batean, bretoi bati eraso egin zion, eta Espainiako agintariek bera bilatzeari ekin zioten. Ondorioz, Bartzelona aldera joan zen, Mediterraneora, eta bertan jarraitu zuen piraterian, hura bilatzeko eta harrapatzeko agindua zegoen arren".
Amores Bilbaok jakin ahal izan duenez, pirata horrek alaba bat izan zuen, Marina izenekoa, eta Gorlizen bizi zen Anton de Garay izeneko gazte bategaz ezkondu zen. Horrek gabarra bat erosi zuen Coruñan (Galizia), eta kostaldean topatzen zuen edonori eraso egiten hasi zitzaion. Lehenengo biktima La Piedad izeneko barku bretoia izan zen, baina ez ziren gutxi izan horren ondotik etorri zirenak, hura atxilo eta Coruñako Don Pedro de Lujan korrejidoreak heriotza-zigorra ezarri zion arte.
Inguruko patrimonioa, balioan
Plentziako itsasgizonen eta piraten inguruko historia kontatzeaz gainera, Pablo Amores Bilbao egileak beste hainbat gai jorratu ditu bere azkenengo liburuan, hala nola hiribilduko patrimonioa. Besteak beste, nabarmendu duenez, Bizkaiko eraikin zibil zaharrena du Plentziak, 1562koa, gaur egun Plasentia de Butron museoa hartzen duena. "Dorretxea Plentziako Martin Perez bikarioak utzitako diruagaz egin zuten, eta garia gordetzeko alondegi gisa erabili zen hasiera batean; gerora bestelako erabilera batzuk eman zaizkio eraikin horri, hala nola udaletxea eta espetxea".
Plencia: una villa volcada al mar (siglos XIII-XVIII)
Ingeniari informatikoa da lanbidez Pablo Amores Bilbao plentziarra, baina bere udalerriaz gehiago jakitea da bere pasioa; emaitza, honako liburua: irakurri hemen.