"Ezagutu Plentzia" udazken-neguko turismo-gida argitaratu du Udalak

Ander Zarraga 2021ko aza. 9a, 09:53

Elixabete Uribarri Plentziako alkatea eta Iñaki Saez de la Fuente turismo zinegotzia. © PLENTZIAKO UDALA

Turismo bulegoan banatuko dira hainbat ibilbide, jarduera eta ostalaritza-eskaintza biltzen dituen gida berriaren 2.000 aleak. Gainera, atzerriko turisten eta bisitarien kopuruak gora egin duenez, katalogoa ingelesez eta frantsesez ere argitaratu dute. Hala ere, herritar batzuek argitalpena kritikatu dute, deitoratuz ez dituztela herriko komertzio guztiak kontutan hartu.

Bisitarien artean Plentziako baliabide turistiko nagusiak sustatzeko helburua duen "Ezagutu Plentzia" gida argitaratu du Plentziako Udalak, udazken-neguko denboraldira begira. Udal-iturriek azaldu dutenez, liburuxkan herriko 30 bat taberna, kafetegi, jatetxe eta ostaturi buruzko informazio zehatza biltzen da.

Gainera, gida berri honek Plentziako aisialdi- eta kultur-jarduerak zerrendatzen ditu, eta herriko bazterrak hobeto ezagutzeko hainbat ibilbide proposatzen ditu: Bizkaiko Flyschetik ibilaldia, Armintzako arrantzale herrira bisita, Butroeko Gaztelura Isuskizatik, Gorliz, Plentzia eta Barrika zeharkatzen dituen ibilbide zirkularra edo angula arrantzaleen ibilbidea, besteak beste.

Plentziako turismo bulegoan doan banatuko dituzte gidaren 2.000 aleak. Gainera, azkenaldian, atzerriko turisten eta bisitariek kopuruak gora egin duenez, liburuxka ingelesez eta frantsesez ere argitaratu dute.

Horretaz gain, udalerriko hainbat tokitan dauden poltsa erraldoiak berriro binilatuko dituztela azaldu dute, "herriko erakargarritasun turistiko nabarmenenak islatuko dituzten irudi deigarriakaz".

Gidari kritikak

Sare sozialen bidez zenbait herritarrek gida kritikatu dute, eta adierazi dute udalerriko zenbait jatetxe ez dituztela sartu; deitoratu dute ez direla gainontzeko merkataritza establezimenduak kontutan hartu, hala nola farmaziak, burdindegiak, arropa dendak... Udal-iturriek ihardetsi dutenez, "gida honek bisitariek turismo-bulegoan gehien eskatzen dituzten zerbitzuak baino ez ditu jasotzen", eta gaineratu dute horren helburu nagusia, "ostalaritza, ostatuak eta turismo-enpresak bultzatzea" dela. Hala ere, argitu dute udalerrian dauden gainontzeko zerbitzuak Udalaren webgunean aurkitzen direla, eta, etorkizunean, herriko gainontzeko establezimenduak biltzen dituen beste argitalpen bat egiteko aukera ere ikertuko dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun