Hamar hilabete pasatu dira Arpillaoko elkarteen egoitzak husteko agindua eman zutenetik, eta, orain, Udalak lokalen sarrera hormaz zarratu gura du "segurtasun arrazoiak" argudiatuz. Baina Arpillaon lokala zituzten elkarteetako kideak —Arkote Arraun Taldea, Danontzat Gaztetxea, Plentzia Piraguismo Taldea, Plentzia Traineru Baltza eta AMBAR Elkartea— ez daude erabakiagaz ados, eta sare sozialetan salatu dute horregaz Udalak arazoa estali gura duela.
Bestalde, Danontzat Kultur Elkarteak urriaren 14an aurkeztutako ikerketa independente batean zehazten zenez, "Gaztetxearen lokala egoera onean dago, bakarrik iragazketa-arazo puntualak baino ez ditu, eta ez da beharrezkotzat jotzen zigilatzea". Zenbait adituk parte hartu zuten elkarteek agindutako ikerketa horretan, eta, ondorioztatu zutenez, Udalaren txostenak ez zuen lokalak husteko erabakia justifikatzen.
Horretaz gain, Udalak iragarri du ingeniariakaz bideragarritasun-azterlana egingo duela Arpillaoko aparkalekuko aldean, hori berriro zabaltzea posible den ikertzeko. Aldiz, elkarteek eta oposizioak hainbatetan eskatu arren ez dituzte elkarteen lokalak ikertuko. Hori kontutan izanda, elkarteek lokalek egoera espezifikoa jakiteko azterketa egitea eskatu diote Udalari, eta hormaz ez zarratzea exijitu diote.
Elkarteek egoera
Kaleratuak izan eta gero, Arpillaon egoitza zuten herriko taldeen egoera larria izaten jarraitzen duela deitoratu dute elkarteek: AMBAR elkarteari liburutegiko gune bat utzi zioten, baina espazioa txikiegia dela salatu dute; Plentzia Piraguismo taldeari ere frontoian toki bat egiteko lanetan ari dira, baina segurtasun-neurriak gutxiegi direla kexatu dira elkarteko kideak; gainera, Danontzat gaztetxeari ez diote inolako aukerarik eman.