Goñi Portal kultur etxea kudeatzeko zerbitzua esleitu dute

Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 11:11

Elixabete Uribarri alkatea eta Sara Romero Kultura zinegotzia aurkezpen-ekitaldian. © PLENTZIAKO UDALA

Plentziako kultur etxeak hainbat berritasun izango dituela iragarri dute Udaleko ordezkariek; besteak beste, urtean zehar publiko guztientzako jardueren programa zabala antolatuko dutela adierazi dute. Bestalde, jakinarazi dute Udalak eraikina berrizteko 10.000 inbertitu dituela.

Plentziako Goñi Portal kultur etxea kudeatzeko eta dinamizatzeko zerbitzua esleitu berri du Udalak 87.000 euro baino gehiagoko kontratuagaz. Albiste horregaz batera, Plentziako Udalak kultura programazio berriaren hasiera ofiziala ere iragarri du; herriko adin-tarte guztientzako kultur eskaintza handitzeko helburua duen programazioa osatuko dutela azpimarratu dute.

Azaroaren 26an egin zuten aurkezpen-ekitaldian parte hartu zuten Elixabete Uribarri alkateak, Sara Romero Kultura zinegotziak eta Goñi Portaleko kultur jarduerak kudeatzen eta planifikatzen dituzten arduradun teknikoek. “Zerbitzuaren esleitzeagaz, gure kultur etxeak programazio indartsua duen gune bizia izaten jarraituko du. Berau abian  jartzea kulturaren aldeko apustu garbia egiten jarraitzen dugula erakusten duen beste adibide bat da, kultura herritarrei hurbiltzearen aldekoa, legegintzaldiaren hasieratik eta pandemia garaian egin dugun bezala. Herri batek kulturaren eta hezkuntzaren bidez hazi eta eboluzionatu behar du, eta espazio honek horretan lagunduko du”, adierazi zuen alkateak. Bestalde, Romerok gogorarazi zuen kultura arloak urteko programazioa bultzatu eta koordinatuko duela udalerriko kultur taldeakaz

Programazio berriagaz hasteko, "Komikia" 1975etik euskal komikigintzaren ibilbide osatuena biltzen duen erakusketa aurkeztu zuten. Mikel Begoñak eta Kike Infamek Aldundiaren babesagaz antolatutako erakusketa ibiltari hau urtarrilaren 7ra arte egongo da bertan.

Kultura zerbitzu gehiago eta hobeak


Goñi Portalen kudeaketa zerbitzu berriak Plentziako kultura dinamizatzeko programa zabal eta askotarikoa izango duela iragarri zuten aurkezpenean. Besteak beste, azpimarratu zuten adin-tarte guztientzako jarduerak antolatuko dituztela:

  • Helduentzako ikastaro eta tailerrak: musika, artisautza eta prestakuntza-ikastaroak, euskal kultura sustatzen duten jarduerak, etab.
  • Kultur jarduerak egingo dira, tartean, hainbat motatako ekitaldi, hitzaldi eta erakusketa.
  • Hileroko kultur agenda bat programatu eta zabalduko da, umeentzako 
  • Ikuskizunak eta tailerrak, antzerkia, bakarrizketak eta abar barne.
  • Ikasketa-gela bat zabalduko da.

Bestalde, ume eta gazteentzat bereziki zuzendutako programazio zehazta ere prestatuko dutela iragarri zuten. Bereziki nabarmendu zuten umeentzako ludoteka-zerbitzua: 4 eta 11 urteen arteko umeek jolastu eta sozializatzeko gune bat, ondo pasatzeko eta euskararen erabilera eta bultzatzeko, hain zuzen ere. Gainera, ludotekaz gain, kultur jarduera programa paralelo bat ere sortuko dute, hala nola ipuin-kontalariak, antzerkia eta txangoak bezalako jarduerakaz. Gabonetan eta bestelako oporraldietan ere ez dira kanpaina bereziak faltako.

Era berean, gogoratu zutenez, kultur programazio berriari hasiera emateaz gain, Goñi Portaleko instalazioetan egin dituzte hobekuntzak ezagutzera emateko ere balio izan zuen ekitaldiak. Izan ere, Udalak 10.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin du igeltserotza, zurgintza eta pintura-lanak egiteko, eraikinaren kanpoaldean eta barruan. Ateak lixatu dituzte, eta leihoak, balkoiak eta habeak konpondu dituzte. Halaber, hezetasunak zituzten eremuak konpondu eta arkupearen ingurua ere margotu egin dute, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun