Euskarari, atara kontuk!

Plentzia, jauntxoen herentzia

Joanes Atxa Olaiz 2021ko abe. 3a, 09:54
Torrebarri dorretxeko armarria. © ZARATEMAN

Plentziako Torrebarri dorretxeko armarriak gure euskarari  buruzko datu interesgarriak emateaz gain, jauntxoen arteko tirabira eta ohiturak ere erakusten dizkigu. armarri honek gordetzen duen altxorra zein den jakin nahi? goazen bada horiek deskubritzera!

Torrebarri dorretxeko armarria. Eleiz plaza inguruan dago, eta eraitsia eta etxebizitza bihurtua izan zen arren, oraindik ere elementu estilistiko eta apaingarri batzuk mantentzen ditu, hala nola fatxadako armarria. Horren ikerketa Zuloaga ikerlariak egin zuen, 2011. urtean.

Garaiotan asko ari da handitzen streaming plataformen hedadura. Bata dela, bestea dela, film eta telesailak ikus ditzakegu nonahi, noiznahi eta nolanahi. Besteren artean, badira umorezkoak, fantasiazkoak, dramak eta baita misteriozkoak ere. Azken hauek bereziki deigarri egiten zaizkit. Askotan, protagonistak begien parean du misterioa argitzeko gakoa, eta telesail osoa eman dezake erantzunaren atzetik, ezin hurbilago duela konturatzen den arte.Antzeko gertatu zaigu guri ere. Zenbatetan ez ote garen Plentziako kantoietako tabernetan barrena ibili, Karmengo jaietan, sanantolinetan edota domeka eguzkitsuetan. Hara ba, horietako batean, Torrebarri dorretxearekin egingo dugu topo. Jauregi horretako ate nagusiaren gainean 1603ko armarri bat ageri da, aspalditik edozeinen begien parean izanda ere, orain gutxira arte aztertu gabe egon dena.

Armarri honetan, hiru euskal esaera irakur ditzakegu, zein baino zein interesgarriago. Hala dio lehenak: "Muxika arerioacaz agica". Badirudi Muxika leinuko kideei zuzendutako esaera zela, beti omen zebiltzalako "arerioekin haginka", beti etsaiekin borrokan. Horren ondoren, hurrengo hau agertzen da: "Butroe celangoa da oroc daquie". Jauntxoen arteko ohitura eta iritziak azaltzen dizkigun beste esaera bat da hori. Ezer esan gabe, edonork jakin zezakeen Butroe leinukoen izaera nolakoa zen. Esaera horrek, gainera, euskalkien historiari buruzko informazioa ematen digu. Gaur egun, "guztia" hitzaren sinonimo den "oro" hitza ohikoa da Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan, baina ez da mendebaldeko hizkeretan erabiltzen. Torrebarriko armarrian ordea, argi ageri da "oro", XVII. mendeko Uribe Kostan berba hori sarritan erabiltzen zen seinale. Azken esaera Plentziako herritarrei dago zuzendua: "Garaianago, erria gordeago". Esaera horrek lasaitasun mezua helarazi nahi zien Plentziako bizilagunei. Izan ere, Plentziako hiribildua menditxo baten gainean sortu eta garatu zen. Kokapen horrek etsaiekiko segurtasuna bermatzen zien, eta kontu garrantzitsua zen jauntxoen arteko gatazka garai horietan. Hori bera da esaera horren adiera: herria zenbat eta gorago eraiki, orduan eta gordeago, babestuago.

Azken batean, misteriozko telesailetan bezala, Uribe Kostako euskararen eta ohituren historia ezagutzeko, begien parean daukaguna aztertu behar izan dugu. Bilatzen hasiz gero, halako zenbat altxor aurkituko genituzke gure inguruko etxeetan?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun