Gaurtik aurrera martxan dago Plentzi & Shop Gabonetan 2021 kanpainaren bigarren edizioa. Ekimen honetarako, 5.900 euro inbertituko dituzte, horrela, parte hartzen duten enpresa eta pertsona autonomoen eskura 5 euroko 1.000 kupoi jarri ahalko dituzte, ekimenera atxikitako establezimenduetan kontsumitzeko. Gainera, "Arraspatu eta irabazi" txartelakaz 900 euro arteko balioa duten sariak eskuratzeko aukera egongo da.
Aurtengo edizioan 28 establezimenduk parte hartuko dute, eta, horiek identifikatzea erraza izango da, atarian moketa gorria izango baitute. Horretaz gain, dinamizazio-estrategiaren barruan, kanpaina identifikatzeko irudia duen kartela eta "Arraspatu eta irabazi" txartelen pakete bat ere eman zaie parte hartzaileei.
Saritutako kupoiak erabiltzeko epea abenduaren 15etik 31ra artekoa izango da, eta saririk izan ez duten kupoien artean zozketa egingo da urtarrilaren 5ean. Horretarako, kupoiaren atzealdea bete eta Plentziako turismo bulegoan utzi beharko dira txartelak. Udalak kanpainaren inguruko informazio guztia eta atxikitako establezimenduen zerrenda argitaratu du lotura honetako webgunean.
Jarduera gehigarriak
Aldi berean, abenduaren 17an eta 18an, barikua eta zapatua, hurrenez hurren, 18:00etatik 20:00etara, kanpaina dinamizatzeko aktore bik establezimenduak bisitatuko dituzte, kanpainan nola parte hartu azalduz. Gainera, abenduaren 18an, zapatuan, eta 26an, domekan, Kilometro Kantuk herriko kaleak girotuko ditu bere musikagaz.
"Gure helburua udalerriko komertzioei, ostalaritzari eta zerbitzu-enpresei laguntzea da, eta herritarrak kontzientziatzea, herrian kontsumitzearen garrantziaz jabe daitezen; izan ere, negozio horiek bizia ematen diete gure kaleei, tratu hurbila eta pertsonala eskaintzen dute, enplegua sortu, eta udalerriko ekonomia hobetzen dute", adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak. Gaineratu duenez, konbentzituta dago kanpainak fideltasuna lortzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko tresna eraginkorra dela, beraz "espero dugu ongi hartuko dutela bai enpresek bai Plentziako herritarrek ere".