"Emakumeen Begiradak" erakusketa antolatuko dute zortzigarrenez Plentzian

Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 10:23

Emakumeen Begiradak erakusketako kartela. © PLENTZIAKO UDALA

Emakumeak ardatza izango dituen erakusketa martxoaren 7tik 25era egongo da Plentziako Goñi Portalen; artelanak aurkezteko epea otsailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Plentziako Udaleko Kultura eta Berdintasun sailak Emakumeen Begiradak erakusketaren zortzigarren edizioa antolatuko du, martxoaren 8an egingo den Emakumeen Nazioarteko Eguneko jardueren testuinguruan. Emakumeak gai moduan hartuta, artista ezberdinek beraien margolan eta argazki-lanak plazaratuko dituzte erakusketa kolektibo horretan. 

Arduradunek azaldu dutenez, guzti horren xedea, sormenaren bitartez, genero-arrazoiengatik sortzen diren bazterketari lotutako kontzeptu eta estereotipoak aldatzea eta horiei buruzko gogoeta bultzatzea da. Laburbilduz, parte-hartze eremu horren bitartez, hausnarketa, elkarrizketa eta espresioa lantzea bilatuko dute.

Erakusketan parte hartzeko epea otsailaren 28ra arte egongo da zabalik, eta lanak martxoaren 7tik 25era egongo dira ikusgai Goñi Portalen. Erakusketan hiru euskarri artistiko erakutsiko dituzte: argazkiak, margoak eta marrazkiak. Horretaz gain, parte hartzaileak 14 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta bakoitzak gehienez bi artelan aurkeztu ahalko ditu modalitate bakoitzean.

Erakusketaren inguruko xehetasun guztiak Goñi Portalen emango dituzte, 946 775 541 telefono-zenbakian edo kultura@plentzia.eus helbide elektronikora idatziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun