50. urteurrena

Txikiteroek blusa jantzi, makila hartu eta kantuan ospatu dituzte urrezko ezteiak

Ander Zarraga 2022ko ots. 7a, 10:50

Aurten, 50 lagun inguru atera dira Plentzian blusa eta makilagaz abestera. © PLENTZIAKO TXIKITEROAK

Lagun batzuen arteko ekimen solidario batetik jaio zena ohitura bihurtu da Plentzian, eta, mende erdi geroago, blusa eta makilagaz, berriro atera dira kalera Agate Deunako abestiak kantatzera. 

Abestiak dioen bezala, “aterik ate ohitura zaharra/aurten berrizteko asmoz”, Plentziako Txikiteroek mende erdia bete dute aurten. 1972ko Errege Egunean, Pauli tabernan txikiteoan zeuden sei lagunek Barrikako asilo-ospitaleak zituen behar ekonomikoei nolabait laguntzeko erabakia hartu zuten. Horretarako, Agate Deunaren bezperan blusa jantzi, makila hartu eta abestera aterako zirela erabaki zuten; kantak dioen legez, dirua batzeko beraien ahotsak baliatuko zituzten: “Ez gaude oso aberats diruz/ezta ere oinetakoz;/baina eztarriz sano gabiltza/ ta kanta nahi dugu gogoz”.

Horrela, jaio zen Plentziako Txikiteroen Santa Agedan abestera ateratzeko ohitura, eta, urtez urte, hiribilduko eta eskualdeko udalerriak kantuz pozten dituzte, Barrikako Elorduy nagusien egoitzarentzako limosnen truke. “Beharrak aldatzen joan dira, eta, gaur egun, guk ematen diegun diruagaz txango bereziak egiten dituzte; esaterako, Bilbainadak abesten joaten zaizkie”, diosku Iñaki Susaeta Txikiteroen taldeko kideak.

Hasiera batean, Txikiteroak Plentzian bakarrik ateratzen ziren, baina taldea egonkortzen joan zen heinean, ibilbidea egoitzaren inguruko udalerrietara zabaldu zuten. Susaetak diosku orain egun bi hartzen dituztela: lehenik, Agate Deunaren bezperan, Urduliz, Sopela, Larrabasterra, Barrika, Lemoiz eta Gorlizera joaten dira, bazkari eta guzti; eta, hurrengo egunean, otsailaren 5ean, aldiz, Plentziako kaleetatik aritzen dira kantuan. “Antzinatik eginda daukagun ibilbidea jarraitzen dugu; eguraldiaren arabera batzuetan aldatu arren, abesteko leku bereziak, hunkigarriak, mantentzen ditugu, Gorlizko ospitalea edo Barrikako egoitza bera, adibidez”. Horren ostean, egun berezi bat hartzen dute nagusien egoitzara joan eta batutakoa eman eta abesti batzuk kantatzeko.

Eskuzabaltasunetik jaiotako ohitura bizi-bizi mantentzen da Plentzian, eta, otsailaren 5ean, Santa Ageda egunean, 50 lagun inguru atera ziren, makilakaz erritmoa markatuz, Agur Jaunak, Agate Deuna, Santa Ageda, Zorion eta Jeiki Jeiki abestiak kantatzera. “Antzinako kantak dira, berriztuta, eta guk lau ahotsetara ere abesten ditugu; beraz, horrek entsegua behar du”.

Bizirik dagoen ohitura

Salbuespen bakarra iazkoa izan zen, COVID-19aren ondorioz abesbatzak ezin izan zuelako kalera atera. Aurten ere ibilbidea murriztu behar izan dute, eta ez dituzte Uribe Kostako udalerriak bisitatu. Hala ere, Siziliako santuaren egunean Plentziako bazterretan abesten aritu dira, eta hurrengo urteetan ohiko ibilbidea berreskuratuko dutela iragarri dute.

Abesbatzako kide gehienak gizonak izan arren, zuzendariak emakume bi dira: Ines Peña eta Saioa Unibaso. Eurak arduratzen dira korua gidatzeaz eta abenduaren amaieran hasten diren entseguak antolatzeaz. Horietaz gain, dirua batzeaz arduratzen diren poltsa-zainak ere badaude. Susaetak azaldu du edonor batu daitekeela ekimenera, “ez da horrelako musika-gaitasun berezirik eduki behar”. Gainera, azken urteetan jende gaztea ere sartu dela dio; hala ere, ohituraren jarraipena bermatzeko gustatuko litzaieke herriko gazte gehiago animatuko balira.

Aurten, 50. urteurrena ospatzeko, omenaldia egingo diete ohitura hasi zuten sei lagunei, eta, horretaz gain, mende erdiko ibilbidea gogoratzeko erakusketa antolatu dute Goñi Portal kultur etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun