Oroilore ikerketa-taldeak antolatuta, Euzkadi guda-ontzi laguntzailean parte hartu zutenak oroimenera ekarri zituzten zapatuan, hilaren 5ean. 85 urte bete dira Matxitxakoko guda izan zenetik, eta, gogoan izan zutenez, Eusko Jaurlaritzaren eskutik 36ko gerran parte hartzeko ideologia ezberdinetako jendeak osatutako ontzi-taldeak parte hartu zuen bataila horretan. "Askatasuna, justizia soziala, II. Errepublikako zilegizko gobernua eta Euskal Herriaren eskubideen alde borrokatu zuen talde horrek; erregimen faxista bati aurre egin zion", adierazi zuten ekitaldira bertaratutakoek.
Gogoratu zutenez, 60 gudari baino gehiago hil ziren Matxitxakoko batailan, tartean Gorlizko Antonio Oleaga Bilbao eta Remigio Atxirika Ibargoenetxea, baita Plentziako Pedro Lopez ere. Gainera, beste hainbat espetxeratu zituzten eta beste batzuek atzerrira ihes egin behar izan zuten. Horiek denak akordura ekarri zituzten zapatuko ekitaldian: "Pertsona horiei, eta gaur hemen dauden beraien familiartekoez ahaztu barik, gure esker ona eta miresmena adierazi nahi diegu".
Era berean, aurreko urteetan egin legez, Juan Pardo San Gil oroitu zuten zapatuan, euskal ontzidia aztertu zuena. "Gure historiaren parte bat Euskal Herrian eta atzerrian ezagutaraztea lortu du: "Bere irakaspenengatik, bere eskuzabaltasunagatik, bere pertsona eta lanarekiko errespetuz eta miresmenez, bere familiartekoei eta gaur hemen ditugun lagunei, gure esker onik zintzoena. Berak utzitako ondarea altxor kalkulaezina da. Goian bego!".