Plentziako ekonomia, turismoa, merkataritza, enplegua eta nekazaritza- eta artisautza-jarduerak suspertzeko helburua duen egitasmoa da PlentziaLan. Lan-merkatura bideratutako aholkularitza-prozesu horretan, interesdunek lana bilatu edo hobetzeko tresnak eta akonpainamendua aurkituko dute. Plentziako Udalak antolatzen duen bigarren deialdi horretan izena emateko epea bihar zabalduko dute, hilaren 15ean.
Azaldu dutenez, iazko deialdiak arrakasta nabarmena izan zuen, guztira, 14 pertsonek eman baitzuten izena. Banakako saioen bitartez, Plentziako langabeei zein enplegua hobetu gura zutenei euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak sustatzen lagundu zien programak. Izena eman zutenetatik, gehienek enplegua aurkitu dute, eta oraindik horretan dabiltzanak programaren laguntza jasotzen jarraitzen dute lan bila; izan ere, zehaztu dutenez, programak ez du iraupen jakinik, erabiltzaileen helburu, motibazio eta erronken araberakoa da.
"Plentziarren enplegagarritasuna eta lan-aukerak hobetzea laguntzen duen programa da, eta uste dugu oso garrantzitsua dela edizio berri bat abiaraztea, udalerrian eginbehar hori sustatzen jarraitzeko", azaldu du Iñaki Sáenz de la Fuente Udaleko Garapen Ekonomiko, Turismo, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak.
Adituen laguntzagaz
Programa orientazio eta akonpainamenduan aditua den teknikari baten gidaritzapean egiten da, interesatuei euren potentziala aurkitzen laguntzeko ardura izango duena. Horretarako, bakarkako orientazioa edo tutoretza-saioak egingo dituzte, alderdi hauek landuz: motibazioa. jarrera, gaitasun pertsonalak, norbere burua ezagutzea, erlaxazio teknikak, emozioen kudeaketa, lana bilatzeko teknikak, helburu profesionalak, lan-merkatua eta laneko elkarrizketak, besteak beste.
Tutoretzak martitzenean egingo dituzte, arratsaldeko 16:30etik 19:30era. Programan parte hartu gura duten pertsona guztiek mezu elektroniko bat idatzi beharko dute garapena@plentzia.eus helbide elektronikora edo telefono hauetako batera deitu: 946 774 199/688 891 766.