Plentziako udal-agintariek jakinarazi dutenez, hiribildua prest dago Aste Santuko eta udaberriko bisitariak hartzeko. Turismo-informazioko totem berriek, antolatutako bisita gidatuek eta Ezagutu Plentzia izeneko gida berrituak osatzen dute datozen asteetarako turismo-eskaintzari buruzko informazio osatua. Ekimen horien helburu nagusia herriaren aberastasun historikoa, gastronomikoa eta ingurumenekoa erakustea dela adierazi dute.
Ontziola plazan, alde zaharrean eta portuan bisitarientzako informazioa duten totemak estreinatuko dituzte hurrengo asteetan. Ontziolakoak ongietorria emango die bisitariei eta interesguneei buruzko informazio orokorra eskainiko die mapa baten laguntzagaz. Alde historikokoa inguru horretan murgiltzeko izango da, eta hirugarrenak itsas tradizioari buruzko informazioa jazoko du.
Hiru totemek webguneari eta sare sozialei buruzko informazioa ere izango dute, eta, portukoak izan ezik, QR kodeak ere izango dituzte bisita autogidatuak egin ahal izateko.
Plentziako alde zaharra hiribilduaren erakargarritasun handienetako bat da, eta, udal-iturriek azaldu dutenez, bisita gidatuek arrakasta handia izaten dute. Aurten apirilaren 10ean eta 17an egingo dira, domekan, "Plentziaren jatorria" titulupean. Domeka honetan egingo duten bisitan parte hartu gura dutenek turismo bulegoan eman beharko dute izena, 946 774 199 telefono zenbakira deituz edota turismo@plentzia.eus helbidera idatziz. Jardueraren prezioa bi eurokoa izango da eta ume eta jubilatuentzako sarrera doakoa izango da.
Turismo-gida berritua
Horretaz gain, Ezagutu Plentzia udalerriko erakargarritasun guztiak ezagutzera ematen dituen gidaren edizio berri bat ere argitaratu du Udalak, turismoaren fluxua sendotzeko eta hiriko sare ekonomikoa suspertzeko tresna nabarmena, hain zuzen ere. Plentziako historiari buruzko informazioa izateaz gain, nobedade gisa, hiribilduko auzoak eta bertako naturaguneak eta biodibertsitatean aberatsak diren guneetan zehar bisita autogidatu bat egiteko proposamena ere jasotzen du.
Halaber, gastronomia eta ostalaritza eskaintza eta garai honetako plan nabarmenenak (museoa, enologia, abentura, bisita gidatuak, oinezko ibilbideak, itsasoko jarduerak...) azpimarratu dituzte horretan, baita datu turistiko interesgarriak ere.
“Uribe Kostako eskualdea, oro har, eta Plentzia, bereziki, helmuga turistiko erakargarriak dira, bai historiagatik, bai paisaia-edertasunagatik eta eskaintza gastronomikoagatik eta jardueren eskaintzagatik. Bisitatzera gonbidatzen duen herria da, esperientzia bat bizitzera gonbidatzen duena. Turismo jasangarri eta arduratsuaren aldeko apustua egiten duen herria. Plentziako txoko bakoitzaz gozatzeko dozenaka proposamen interesgarri eta entretenigarri ditugu,
familian, lagunakaz edo bikotekideagaz”, adierazi du Iñaki Saénz de la Fuente Udaleko Garapen Ekonomiko, Turismo, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak.