David Crestelo 2011n aurkeztu zen lehen aldiz Plentziako alkatetzara EH Bilduko zerrendan. Ordutik, hiru udal-hauteskundetan izan da hautagaia, beraz, agintaldia amaitzean 12 urte beteko ditu Udalean; tarte horretan, alkatea izan zen 2015-2019 agintaldian. Koalizio abertzaleko bozeramaileek azaldu dutenez, abenduan EH Bilduren herri-bilerara gerturatutakoei adierazi zieten albistea, eta orain egin dute publiko, "auzokideekiko zintzotasun- eta gardentasun-arrazoiengatik".
Plentziako EH Bilduko zerrendaburu ohiaren esanetan, erabaki pertsonala da, baina ez da politikatik erabat aldenduko, koalizio abertzalean lanean jarraituko baitu: “Militatzeko modu asko daude, baina amaitu egin da nire ibilbidea politikaren lehen lerroan, beraz ez naiz berriz udal ordezkaritzako zereginetan arituko”.
Crestelok iragarritako erabakiaren ostean, Plentziako EH Bilduko hurrengo zerrendaburua erabakitzeke dago. Azaldu dutenez, oraindik, hautapen-fasea egin behar dute, "barne araudiak markatzen duen moduan".
Azkenik, EH Bilduk eskerrak eman gura izan dizkio Crestelori, "12 urtez jarraian udal-hauteskundeetan proiektu politikoaren buru izateko erakutsitako prestasunagatik. Herri bat beste modu batean eraiki daitekeela erakutsi dugu urte guzti hauetan eta horretan arituko gara aurrerantzean, Plentziako herrian bide berriak irekiz".
Atzo jakinarazi genuen ez naizela EHBILDUko zerrendaburu izango hurrengo udal hauteskundeetan. Legealdi hau amaitzen denean 12 urte beteko ditut Udalean, eta eskerrak eman nahi dizkiet ibilbide luze honetan nire ondoan egon diren pertsona guztiei: https://t.co/IBWVSnH8oA
— David Crestelo (@krextelius) May 11, 2022