Plentziako Udalak Auzoekin Bat ekimena abiaraziko du hil honetan, auzoetako bizilagunakaz komunikazio zuzenago bat izateko helburuagaz. Udal-iturriek zehaztu dutenez, herritarren beharrak bertatik bertara ezagutzeko egitasmoa da, auzokideen iradokizun eta ekarpenak jasoz, hobekuntza‐ekintzak elkarregaz detektatzeko asmoa duena, hain zuzen ere. Ekimenak orain arte egindako udal‐kudeaketaren berri emateko ere balioko duela ere azaldu dute.
Lehenengo txandan, herritarrakaz sei topaketa egingo dituzte maiatzean eta ekainean, beste hainbeste auzotan. Ostean, Udalak beste bi txanda antolatzeko asmoa dauka, egitasmoaren bilakaera baloratzeko eta emaitzak 2023ko udaberria baino lehen itzultzeko.
Datozen asteetan, Plentziako Udalak ekintza batzuen bidez jakinaraziko du hartu‐eman hori; horretarako, besteak beste, etxe guztietara eskuorri bat bidaliko dute, iradokizunak bete ahal izateko. Dokumentu hori aurrez aurre eman ahal izango dute auzoetan programatu diren topaketetan.
Bizilagunek saio horietara joaterik ez balute, dokumentu horiek uzteko espresuki kalean jarritako postontzien bidez bideratu ahalko dituzte, edota udaletxeko erregistroan entregatuz ere, horretarako aurreikusitako epean.
Zehaztu dutenez, Auzoekin Bat ekimenean parte hartzeko epea hamar egun naturalekoa izango da, auzo bakoitzean aurrez aurreko topaketa egiten den egunetik zenbatzen hasita. Era berean, daborduko ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko prestatutako inprimaki digitala bete daitekeela iragarri dute, www.plentzia.eus webgunean edo eskuorriko QR kodea eskaneatuz.
Azpimarratu dutenez, Plentzian erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du prozesu horretan. Jasotako hobekuntza guztiek Plentziako herritarren interes orokorra aintzat hartu beharko dute, adibidez, espaloiak egokitzea, hiri altzariak edota argiteri publikoaren hobetzea... Halaber, zehaztu dute obra txikiekin edo auzoen mantentze‐lanakaz lotutako hobekuntzetan oinarritu beharko direla proposamenak, hau da, epe laburrean egin daitezkeenak eta bizilagunen egunerokoa hobetuko duten inbertsio txiki eta ertainak.
“Pandemia‐garai honek baldintzatu egin gaitu programatuta genituen proiektu batzuei aurre egin ahal izateko. Egindako lanaren azalpenak eman nahi ditugu, baita agindutakoa aurrera eramateko konpromiso irmoa agertu ere”, adierazi du Elixabete Uribarri alkateak.
Topaketa horien ideia nagusia da “auzoetara positiboki hurbiltzea eta bizilagunei zuzenean entzutea, beharrak jasotzea, kontutan hartzea, epe laburrean jarduteko, hilabete gutxitan. Uste dugu une egokia dela, pixkanaka‐pixkanaka normaltasunera bueltan gaude, gure herriarekin egoteko gogoa dugu. Hala, 200.000 euroko funts bat sortu dugu ekimen honetan sor daitezkeen jardueretarako, guztion onurarako”, azpimarratu du alkateak.
Topaketak 18:00etatik 20:00etara izango dira honako data hauetan:
- Txipio‐Gatzamine (maiatzak 24): Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean.
- Saratxaga (maiatazak 26): Arriolane garagardotegian.
- Gandia (ekainak 7): Plentziako Jai‐Alai frontoian.
- Alde Zaharra (ekainak 9): Goñi Portal.
- Isuskitza (ekainak 21): Gizarte Klub‐eko jarduera aretoan.
- Portua (ekainak 22): Kai‐Eder klub‐ean.