Azken bi urteotan Bilboko ekitaldia murriztuta egon bada ere, aurten, LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren jaia inoiz baino indartsuago etorriko dela iragarri dute antolatzaileek. Aurtengo berritasun nagusia izango da harrotasunaren jaiagaz bat egingo dutela Lekeitiok, Plentziak eta Santurtzik ere. Hala, herri bakoitzak bere jardueren egitaraua izango duela azaldu zuten atzo, ekainak 1, egin zuten aurkezpen-ekitaldian.
Bilbao Bizkaia HARRO Ortzadar LGBT Elkarteak antolatzen duen ekimena babesten dute Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Cervezas La Salvek, EiTBk eta BasqueTour-ek. Aurten, gainera, Lekeitio, Plentzia eta Santurtziko udalek ere bat egin dute ekimenagaz. Horrenbestez, antolatzaileek azpimarratu dute Bilbao Bizkaia HARRO hazi egingo dela, eta gero eta handiagoa izaten jarraituko duela. "Gizarte parekide, libre eta anitz baten aldeko borrokan parte aktibo izan gura duten pertsona, eragile sozial, erakunde eta enpresa guztiei esker hazi da", azpimarratu zuten.
Ekainaren 16, 17, 18 eta 19an Bilbon garatuko dituzte ekintzak. Jarduera gehienak Areatzan, Alde Zaharrean, Kale Nagusian eta Pío Baroja kaian egingo dituzte, eta azken horretatik abiatuko da Ur Parade desfilea. Ondoren, ekainaren 24an eta 25ean Lekeitio, Plentzia eta Santurtzik hartuko dute lekukoa, musika, dibertsio eta aldarrikapenez beteko dituztelarik euren hiriguneak. Bestalde, hilaren 29an Harro Science ekitaldia egingo dute UPV/EHUren eskutik. Jardunaldi horretan, LGBTI+ errealitatea landuko dute hainbat jakintza-arlotatik abiatuta.
Plentziako egitaraua:
- Ekainaren 24a, barikua:
- 20:00etan, Ontziola plazan, pregoia La Renoren eskutik.
- 20:30ean, film laburra: El mundo entero.
- 21:00etan, antzerkia: Anarkia relacional.
- 22:00etan, Kinder Girls-en showa.
- 23:00etan, DJ
- Ekainaren 25a, zapatua:
- 12:00etan, ikuskizuna eta umeentzako jolasak Mitxel Santamariaren eskutik.
- 13:00etan, Batukada.
- 13:30ean, film laburra: Aitona Mantangorria.
- 19:30ean, film laburra: Daniela.
- 20:30ean, Las Felini.
- 21:30ean, Bilgo-showa, Tolinen eskutik
- 22:30ean, DJ Ibai.
Jarduera guztiak Plentziako Ontziola plazan egingo dituzte.