Plasentia de Butron museoak hainbat jarduera prestatu ditu udaldian eskualdeko historiaz blai egiteko. Hasteko, uztailaren 12tik 14ra bitartean, XIV. Plentzia eta Uribe Kostako Historia Jardunaldiak egingo dituzte; ondoren, uztailaren 27tik 29ra, Kantauriko Itsas Kulturaren IV. Kongresua egongo da; eta azkenik, uztailaren 31n, museoa kalera aterako dute eta umeei itsasontziak nola egiten ziren erakutsiko diete. Horretaz gain, udan zehar, bisita gidatuak eta eskualdeko historiaurreko aztarnategien aldi baterako esposizioa ere egongo da; tartean, Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologi Elkarteko presidenteak duela milaka urteko Uribe Kosta nolakoa zen azalduko du uztailaren 13an.
Museoko etnografia taldeak antolatzen duen historiari buruzko dibulgazio-jardunaldietako aurtengo gaiak hauek izango dira: Joseba Zarraga Barrikako XVI. mende arteko historiaz eta baserriez arituko da, Jose Mª Beascoecheak Plentziako udaletxearen 500. mendeurrena baliatuko du eraikinari buruz gutxik ezagutzen dituzten bitxikeria eta berezitasunak azaltzeko, Libanok Uribe Kostako Burdin Hesian egindako azken indusketen berri emango du eta Jondalar Sotak historiaurreko azken aurkikuntza arkeologikoak komentatuko ditu. Bukatzeko, Plentziako errotulu eta kartel komertzial zaharren erakusketa ere egingo dute, horien jatorriaren inguruko berbaldi bategaz.
Era berean, kanoi-bolak, txanpon erromatarrak eta Erdi Aroko hainbat objektu ere egongo dira ikusgai. Horien artean, interes berezia piztuko dute Hondartzape tabernaren obretan aurkitu dituzten XVI-XVII. mendekoak izan daitezkeen kai zaharreko hormaren aztarnak; lehen aldiz azalduko dituzte publikora, eta erromatarren garaitik hiribilduko kaiak izan zuen garrantzia ulertzen lagunduko dute, besteak beste.
Uztailaren bukaeran, Kantauri osoko unibertsitateetako irakasleak eta Aro Modernoan eta itsas kulturan espezializatutako historialariak bertaratuko dira Goñi Portalera, Kantauri kostaldeko XVIII. mendeko portuez arituko baitira hilaren 27tik 29ra. Historia jardunaldiek baino izaera akademikoagoa duen laugarren kongresu horretan egongo diren adituek itsasoagaz eta bere bizimoduagaz lotutako hainbat gai jorratuko dituzte.
Umeentzako jarduerak
Uztailaren 31n, urtero bezala, museoa kalera aterako dute, eta txikiei eskualdeko historia hurbiltzeko jarduerak egingo dituzte: itsasontzi eta tresna nautikoen erakusketa bat, zurezko itsasontzi txikiak egiten ikasteko tailerra eta arrantza-kanaberak eta jostailuak dituen urmael bat ere sortuko dute. Jarduerok museoaren aurrean egingo dituzte.
Bisita gidatuak
Uda osoan zehar, museoak doako bisita gidatuak eskainiko ditu, bai historiaurreko alde baterako erakusketa, bai bilduma egonkorra ezagutu ahal izateko. Gainera, abuztuan eta irailean hainbat bisita gidatu antolatuko dituzte Bilboko Arkeologia Museoko biltegiak gordetzen dituen sekretuez jabetzeko. Jarduera horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da 946 773 725 telefono-zenbakira deituz edo kontaktua@museoplentzia.org emailera idatziz.