Plentziako sanantolinak

Aurten bai, Madalentxu eta Antolintxu bueltatu dira!

Ander Zarraga 2022ko abu. 25a, 13:21

Madalentxu eta Antolintxu txikiak eta helduak elkarregaz aurkeztu zituzten Eliz plazan. © PLENTZIAKO UDALA

Daborduko, aukeratu dituzte aurtengo jaietako Antolintxuak eta Madaletxuak: Josu Zuazo Orozko eta Maitane Llona Trebolazabala izango dira helduak eta Ioritz Llorente Bilbao eta Julene Aguiriano Gaubeka txikiak. Horrenbestez, esan daiteke dena dagoela prest abuztuaren 30etik irailaren 4ra bitartean hiribilduko jai handiak ospatzeko.

Ohituraren arabera, Antolintxu Isuskitzako Etxebarritxu baserriko morroia zen, eta urte osoa ematen zuen bertan lanean. Urtean behin, ibaian behera joaten zen Plentziako azokara. Istorioak bertsio asko izango ditu, baina aurtengo konturik garrantzitsuena bera eta bere bikotekidearen itzulera izango da, bai nagusiena baita txikiena ere.

Pertsonai horiek antzezten dituzten herritarrak urtero aldatzen dituzte eta aurtengoak abuztuaren 20an aurkeztu zituzten: Josu Zuazo Orozko eta Maitane Llona Trebolazabala izango dira jaietako pertsonaia nagusiak; Antolintxu eta Madalentxu txiki ere aurkeztu zituzten eta Ioritz Llorente Bilbao eta Julene Aguiriano Gaubeka izango dira horiek. Aukeraketa bozketa bidez egiten dute, udaldian hiribilduan zehar jartzen dituzten hautetsontzietan herritar esanguratsuenen izenak sartuz.

Behin Madalentxu eta Antolintxu nortzuk izango diren iragarrita, dena dago prest Plentziako jai-batzordeak eta Udalak ederto pasatzeko prestatu dituzten hamaika jardueragaz ederto pasatzeko. Bikoteei ondo-etorria egin aurretik, gazte bazkariagaz berotuko dituzte motorrak, abuztuaren 30ean, 14:00etan. Ondoren bai, ongietorria egin, pregoia eta txupina bota, eta hasiera emango diete ospakizunei.

Jaiek iraungo duten sei egunetan ohitura handiko jarduerak mantenduko dituzte: zezensuzkoa egunero aterako da udaletxe atzeko futbito-zelaian; abuztuaren 30ean, Berbena Zuria egongo da; barrez lehertzeko play-back txapelketak ez dira faltako; eta askotariko musika kontzertuak eskainiko dituzte Ontziola plazan. Irailaren 1ean, erromeria ibiltariak alde zaharra dantzan jarriko du, eta, horren ostean, VII. San Antolin bertso-saioa egingo dute, Eleiz plazan.

Horretaz gain, irailaren 1ean, Eskualdeko Nekazaritza Azokaren 128. edizioa egingo dute; familientzako Arturo Peñaren omenezko herri-krosa ere antolatuko dute irailaren 2an; eta, hurrengo egunean, sukalde inprobisatuz beteko dute hiribildua XLX. Marmitako Lehiaketarako lapiko ederrak prestatzeko. Egun berean, XI. Plentzia Kantari eta Plentzia Kantagunek antolatutako erromeria ere egingo dituzte.

Jaietako azken egunean, umeen eta familien mozorro-lehiaketa egingo dute Ontziola plazan. Hautatuek Urrezko Abarkak jasoko dituzte Madalentxu eta Antolintxuren eskuetatik, hurrengo urtera arte alde egin aurretik.

Egitaraua

Abuztuak 31, eguaztena

  • 11:00 Diana.
  • 11:30 Ginkana Conquis, Legarrondon.
  • 11:30 Haur-parkea, futbito zelaian.
  • 18:00 Nagusientzako arrastia bingo eta briska jokoakaz
  • 21:30 Zezensuzkoa, futbito zelaian.
  • 22:00 Helduen Playback-lehiaketa.

Irailak 1, eguena

  • 09:00 Eskualdeko CXXVIII. Nekazaritza Azoka.
  • 10:00 Diana txistulari eta buru-handiakaz.
  • 12:00 Euskal jantzi tradizionalen erakusketa Erriberatik.
  • 13:30 Erromeria ibiltaria alde zaharretik.
  • 19:00 Helduen mozorro-lehiaketa.
  • 20:00 VII. San Antolin bertso-saioa, Eleiz plazan: Oihana Bartra, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Saioa Alkaiza.
  • 22:00 Zezensuzkoa, futbito zelaian
  • 22:00 Kontzertuak: Mr Klams, STR eta Modus Operandi, Ontziola plazan.
  • 22:30 Bakarrizketa-gaua, Eleiz plazan.

Irailak 2, barikua

  • 10:00 Txupinazo eta txistulariak herriko kaleetatik.
  • 10:00 III. Plentzia La Gallarda familien arteko herri-krosa, Arturo Peñaren omenez, Plazatxotik hasita.
  • 11:30 Antolintxu, Madalentxu eta Udalbatzaren kontzentrazioa Ontziola plazan Eleiz plazara igotzeko.
  • 12:00 Antolin Deunaren ohorezko meza eta aurreskua.
  • 13:30 Musika bandaren kontzertua
  • 14:30 Antolin Deunaren koktela, txarangagaz girotua.
  • 18:00 Umeentzako berbena.
  • 19:00 Ttek elektrotxaranga herritik.
  • 22:00 Zezensuzkoam futbito zelaian.
  • 22:30 80. hamarkadako musika: Lowe Band eta Dj Iñigo Perez.

Irailak 3, zapatua

  • 11:00 Diana.
  • 10:00 XLX. Marmitako Lehiaketa.
  • 13:30 Marmiten aurkezpena.
  • 17:00 Marmitako-lehiaketaren sari-banaketa.
  • 19:00 Umeen play-back lehiaketa.
  • 19:30 Eskupilota-txapelketa, Jai Alai frontoian
  • 19:30 XI. Plentzia Kantari kantu-jira, Plazatxotik hasita.
  • 22:00 Zezensuzkoa, futbito zelaian.
  • 22:30 Plentzia Kantagunek antolatutako erromeria Patxi Perezegaz, Eleiz plazan.
  • 22:30 Kontzertuak: Ramdom Key eta Zelanda, Ontziola plazan.

Irailak 4, domeka

  • 10:00 Diana.
  • 10:00 Umeen tortilla- eta entsalada-lehiaketa. Udaletxean eman beharko da izena.
  • 12:30 Bits-jaia.
  • 13:30 Tortilla- eta entsalada-lehiaketako sari-banaketa.
  • 17:30 Umeen eta familien mozorro-lehiaketa, Ontziola plazan. Ondoren, mozorroen sari-banaketa eta Urrezko Abarkak saria ematea; Madalentxu eta Antolintxuren agur-kalejira egin ondoren biak joango dituzte itsasadarrean barrena. Festak, zezensuzkoaren entzierroagaz bukatuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun