Behargin bat grabatu dute Plentziako itsasadarrera zaborra botatzen

Ander Zarraga 2022ko ira. 13a, 15:28

Azken orduotan, sare sozialetan zabaldu den bideo batean bidea garbitzen ari den langile bat zaborra itsasadarreko uretara botatzen azaltzen da. Langilea Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratutako enpresa batekoa dela jakinarazi du Plentziako Udalak.

Irudietan, metroaren eta itsasadarraren parean pasatzen den BI-2122 errepidearen tarte bateko karkaba garbitzen ari den behargin bat azaltzen da zaborra zuzenean itsasadarrera botatzen, botilak, papalek eta latak barne. Plentziako Udalak komunikatu batean jakinarazi duenez, langilea Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Departamentuak kontratatutako ABEE batekoa da.

Irudion aurrean, Plentziako Udalak "sumindura irmoena" adierazi du eta gertatutakoa "onartezintzat" jo du. Horregatik, Aldundiari erantzukizun guztiak argitzeko eskatu dio, "Plentziako itsasadarreko ingurumenaren eta baliabide naturalen aurkako eraso zuzen eta larri baten aurrean gaudelako".

Udaleko iturriek gaineratu dutenez, gertatutakoaren berri izan duten lehen unetik egon dira harremanetan Aldundiko arduradunakaz, eta horiek Udalari baieztatu diotenez, dagokion espedientea irekiko diote ABEEko kide den konpainiari, praxi txarragatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun