Daborduko ikusgai dago udaletxearen arkupean eraikinaren 100 urteko historiaren ibilbidea egiten duen erakusketa. Hala ere, barikuan hasiko dituzte ospakizun-jarduerak Plentziako Kantagunearen kantujiragaz. Aste-akabuan, Plentzia eta bere sekretu arkitektonikoak izeneko bisita gidatuei esker uriko eraikin enblematikoenak hobeto ezagutzeko aukera egongo da, 11:30etik 18:00etara. Antolatzaileek aurreratu dutenez, bisita horietan Plentzian gutxik jakingo dituzten hainbat sekretu azalduko dituzte. Txangoak Erribera kaleko 23. zenbakian dagoen turismo bulegotik aterako dira.
Horretaz gain, Plentziako argazki zaharra eskuratzeko aukera ere egongo da baso-azpikoen bideari esker, herriko ostalaritza establezimenduetan kontsumitzeagatik horiek oparituko baitituzte.
Egitaraua:
Urriak 7, barikua
- 12:30ean, kantujira Plentziako Kantaguneagaz, Gaminiz enparantzatik hasita.
- 20:00etan, Kontzertua: Ana Camilo sopranoa, Gorka Aguinaga piano-jolea eta Iraunkor abesbatza, Santa Maria Magdalena Elizan.
Urriak 8, zapatua
- 18:00etan, Dkode tailerrak. Itsas kode unibertsalakaz eta tokiko kodeakaz lan egiteko proposamena. Batetik, zurezko eraikuntzakaz Polinesiako mapa ederrak egingo dituzte, eta, bestetik, bertaratutakoakaz estandarteak sortuko dituzte. 6-11 urte bitarteko gaztetxoentzako, helduen laguntzagaz. tailerrak Goñi Portaelen egingo dituzte.
- 21:00etan, Videomapping; proiekzio artistikoa udaletxearen fatxadan, eraikinaren mendeurrena ospatzeko. Udaletxean.
Urriak 9, domeka
- 10:30-14:00, Artisautza azoka Ontziola plazan.
- 12:30ean, kontzertua Ontziola plazan.