Herriko bizilagunen eskaerei erantzunez, Plentziako Udalak aste honetan eman die hasiera alde zaharreko hiru kale egokitzeko lanei. Hobekuntza horiek Auzoekin Bat ekimenean kokatu ditu Udalak, aurtengo ekainean eta uztailean auzoei aktiboki entzuteko egin zuen prozesuan, hain zuzen ere.
Hala, herritarrak entzuteko eta iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko lehen fase horren ondoren, Udala hobekuntzak egiten hasi da auzoetan, hiribilduko alde historikoan hasita, zehazkiago Goienkale, Artekale eta Barrenkale kaleetan. Udalak zehaztu duenez, honako lan hauek egingo dituzte: espaloiak eta bideak presiopeko ur-makina bidez garbitu, zuloak konpondu eta hondatutako piezak elkartuko dituzte. Era berean, aipatutako hiru kaleetako espaloietan hareharrizko lauza berriak ipini eta hondatuta daudenak ordezkatuko dituzte.
Daborduko lanak hasi dituzte, Eliz enparantzatik Erribera Kaleraino perpendikularki doazen oinezkoentzako kaleak presiozko ur-makina bidez garbituz. Horregaz, trafikoari ahalik eta gutxien eragitea bilatzen dutela azaldu dute udal-iturriek. Hobekuntza-lan horiek guztiek 43.300 euroko inbertsioa suposatuko dutela ere zehaztu dute, eta sei eta zortzi aste artekoa izango da horiek egiteko aurreikusitako denbora.
Elixabete Uribarri alkateak azpimarratu du Auzoekin Bat ekimena lehen fruituak ematen ari dela, plentziarrek zehaztutako beharrak errealitate bihurtuz. “Plentzia guztion artean eraikitzen jarraitzen dugu. Herritar guztiak gai publikoetan inplikatzea da demokrazia zuzen eta aktiboaren adibiderik onena”, azpimarratu du Uribarrik. Alkateak gaineratu du lan hauei esker segurtasuna irabaziko dela, oinezkoentzako joan-etorria seguruagoa izango baita.