Perretxikoen maitaleentzako eta mundu horretara gerturatu gura dutenentzako aukera ederra ari dira eskaintzen Plentzian egunotan, Hiribilduko XXV. Aste Mikologikoan. Egunotan, Plentziako Perretxiko Taldeak hainbat jarduera antolatu ditu Udalaren, Uribe Kostako Sozietate Mikologikoaren eta Fanos Naturalista Elkartearen laguntzagaz.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Bizkaian tradizio handienetakoa duen lehiaketa da, eta aurtengo edizioa ere publiko guztientzako zuzendutako ekintzez josita egongo da. Ekimen honegaz bat etorrita, herriko komertzioetan perretxikoen argazki-erakusketa ere jarri dute, "horregaz, intoxikazio gehien eragiten dituzten perretxikoak erakutsi nahi ditugu, baita jangarrietatik bereizten dituzten ezaugarriak ere", azaldu dute.
Egitarauari dagokionez, bihar eta barikuan mikologiaren inguruko dokumentalen emanaldiak egongo dira, 19:00etatik aurrera Goñi Portalen. Ordu berean, gaur, urriak 25, "Perretxikoak, saihestu beharreko ohiko akatsak" izeneko berbaldia emango du Antton Melendez adituak, eta, eguenean, urriak 27, ordu berean, "Niskaloen bila goaz" hitzaldia eskainiko du Josue Rodriguezek. Halaber, kultur etxean perretxikoen inguruko hogei bat argazki eta kartel dituen erakusketa ere dago egunotan.
Aste-akabuan, jarduerek Ontziola plazan jarraituko dute; izan ere, domekan, urriak 30, XL. Erakusketa Mikologikoa egingo dute, perretxiko eta onddoei eskainitako asteari amaiera emateko. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta, urtero legez, bertaratzen direnek perretxikoa osagai nagusia duten pintxoen dastaketan parte hartu ahal izango dute.