Askotan, neguko ekaitzen haize gogorrak harea hondartzatik Plentziako pasealekuraino eramaten du, hori estaliz. Hori modu naturalean eragozteko, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak hiru duna sortu gura ditu pasealekutik hurbilen dagoen hondartzako eremuan.
Dunak harea pilatzeko kaptadoreen eta landareen bitartez gauzatuko dituzte, eta, hasiera batean, 50 zentimetroko altuera besterik ez dute izango. Egiturak 5.000 metro koadroko azalera okupatuko du eta egituraren osotasuna, birsorkuntza eta ekosistema babesteko eremua itxita egongo da sarbidea mugatuko duten kartelakaz eta hesi bategaz. Era berean, egitasmo horren barruan, Arpillaoko lokalen parean dauden pasealekutik hondartzara doazen hiru sarbideak ere itxiko dituzte.
Lanek hiru hilabeteko iraupena eta 51.727 euroko aurrekontua izango dute. Zentzu horretan, egingo dituzten esku-hartzeak honako hauek izango dira: dunen ingurua zurezko zutoinakaz eta soka bategaz ixtea, pasabidea mugatzeko kartelak jartzea, egitasmoari buruzko informazio-kartelak jartzea, kaptadoreak jartzea eta duna baten berezko landareak landatzea.