Koroa Biluzik taldeak azaldu duenez, duela aste bi, Metro Bilbaoko segurtasun-zaindarietako batek maskara jartzeko eskatu zion "aske arnasten" ari zen emakume bati; horrek, azkenerako, onartu egin zuen, baina, Plentziako geltokitik irtetera zihoala, hiru zaindari bidea oztopatzen aurkitu zituela azaldu du taldeak, "inongo azalpenik eman gabe". Emakumeak "giza-hesia" zeharkatzen saiatu zen, "baina zaindarietako batek bortizkeriaz oratu eta lurrera bota zuen, besteek erasoa ekiditeko ezer egiten ez zuten bitartean. Ondorioz, hainbat lesio. Anbulantzia batean artatu behar izan zuten (geltokian zen herritar bakanetako batek hots egin zion anbulantziari). Mediku-partea atxikiz, salaketa jarri da".
Taldekoek deitoratu dutenez, halakoa ez da musukoaren derrigortasunaren harira metroan jazotako lehen oldarraldia. "Gobernuek oraintsu arte normal-normalak ziren jokabideak kriminalizatu dituztenetik (higieneaz eta traba barik arnastea, adibidez) norbanakoak egoera oso zaurgarrian gaude", salatu dute, eta aldarrikatu dute maskararen dekretu oro ezabatu beharra dagoela, baita "maskarek eragiten duten osasun-kalteen berri" ematea ere, besteak beste.