Plentziako Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Elkarteak Plentzi&Shop Gabonetan 2022 ekimena sustatu du, Plentziako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz. Hiribilduko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko egitasmoa dela azpimarratu dute gaur, azaroak 30, egin duten aurkezpen-ekitaldian. Bertan izan dira Adrian Vila Merkatarien Elkarteko presidentea eta Elixabete Uribarri alkatea.
Vilak azpimarratu duenez, aurtengo kanpaina luzatzea erabaki dute, txartel guztiak ostalaritza eta merkataritza establezimendu guztietan modu berdintsuan banatzeko denbora izan dezaten: "Ideia da herriko komertzioak eta ostalariak erlazionatzea eta denek parte hartu dezaten".
Bere aldetik alkateak azpimarratu du egitasmo honi esker Plentzian kontsumitzen eta erosten dena Plentzian geratzen dela. Horretaz gain, egitasmoaren garrantzia goraipatu du, adieraziz "Plentziarren artean fideltasuna lortzen du eta kontsumoa sustatzeko tresna eraginkorra da".
15.000 "Arraspatu eta irabazi"
Aurreko edizioen arrakastaren ondoren, kanpainaren hirugarren edizioa egingo dute aurten, eta, aurrekoetan bezala, ekimenak 15.000 "Arraspatu eta irabazi" txartel banatuko ditu kanpainari atxikitako lokaletan erosketak egiten direnean. Horien artean, bost euroko 1.000 opari-bonu egongo dira kanpainagaz bat egin duten establezimenduetan kontsumitzeko. Saritutako kupoiak erabiltzeko epea abenduaren 3tik 31ra artekoa izango da.
Era berean, zozketa batean ere parte hartu ahal izango da, non 900 euro arteko balioa duten sariak banatuko dira. Hori 2023ko urtarrilaren 5ean egingo da, eta horretan parte hartzeko kupoiaren atzealdea bete eta Plentziako Turismo Bulegoan utzi beharko dira txartelak.
Edizio honetan, 31 establezimenduk parte hartuko dute, iaz baino hiruk gehiago. Dinamizazio-estrategiaren barruan, ostalariek eta dendariek kit bat jaso dute, erakusleihoan jartzeko alfonbra gorri bategaz, kanpainan parte hartzen duela identifikatzeko kartel bategaz eta zenbakitutako "Arraspatu eta irabazi" txartel pakete bat.
Establezimenduei buruzko informazio guztia eta eta atxikitako establezimenduen zerrenda, non "Arraspatu eta irabazi" txartelak trukatu ahal izango diren, eskuragarri dago https://consumelanbid.wordpress.com/ webgunean.