Plentziako Udalak gida berri bat argitaratu du udalerriko baliabide turistiko nagusiak sustatzeko 2022-2023 udazken-neguko denboraldiari begira. "Ezagutu Plentzia-Conoce Plentzia", hala deitzen da jarduera, plan, ibilbide eta oro har herriak eskaintzen dituen gastronomia eta ostatuak biltzen dituen katalogo eguneratua.
Edizio berriak 24 orrialde ditu eta udalerriko eta bere inguruko gune interesgarrienak biltzen ditu. Era berean, liburuxkak Alde Zaharrean zehar egin daitekeen bisita gidatu bat jasotzen du, udalerriaren historia ezagutzera gonbidatzen duena. Planen atalean, Plasentia de Butron Museoa bezalako proposamen interesgarriak aurki daitezke, Uribe Kostako historiaurreari buruzko erakusketa bat ez ezik, bisita gidatuak ere eskaintzen dituena. Era berean, Cabo Billano enpresak eskaintzen dituen surf ikastaroei eta materialaren alokairuari buruzko informazioa ematen du, baita Crusoe Treasure eta Uribe Kosta Sea tours-en itsasontziko irteera bereziei buruzkoa ere.
Crusoe Treasure itsas hondoan pilatutako ardoen upategi "boutique" bat eta munduko lehen upategi eta arrezife artifiziala da. Urtean zehar ardoak dastatzen dira itsasontzian edo Barrikan kokatzen den mahastian. Dastatze hauetan, upeltegiaren eguneroko lana ezagutzeko aukera eskaintzen da. Uribe Kosta Sea Tours-ek, berriz, Plentziako eta inguruetako natura-ingurunea ezagutzeko lau aparteko itsas irteera eskaintzen ditu. Halaber, atal honetan ekitaldien edo jardueren informazio eguneratua ere eskura daiteke, bertan agertzen diren QRen bidez.
Inguruak ezagutzeko ibilbideak
Eskaintza turistikoa ez da hemen amaitzen, ibilbideen atalak distantzia, denbora eta zailtasun ezberdineko ibilaldi ugari eta askotarikoak eskaintzen baititu. Besteak beste, Bizkaiko Flyschetik ibilaldia, Armintzako arrantzale herritik, Butroeko Gaztelutik (Isuskizatik) edo angula arrantzaleen ibilbidea jasotzen ditu.
Gida honek, gainera, Hiribilduak eskaintzen dituen ostatu eta eskaintza gastronomiko osoaren berri ematen du, hogeita hamar bat taberna, kafetegi eta jatetxe eta bost ostatuakaz. Udalerriko hamar bat jatetxetan dastatu daitezkeen menu berezien prezioei buruzko informazio zehatza ere jasotzen da.
Guztira, Plentziako Turismo Bulegoan doan banatuko dituzte 2.000 ale argitaratu dira. Gida ingelesez eta frantsesez ere argitaratu dute.
Udalerriko eskaintza turistikoari buruzko informazio gehiago nahi duenak Erribera kaleko 23. zenbakian dagoen Plentziako Turismo Bulegora hurbildu daiteke (asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; igandetan 10:00etatik 14:00etara), edo 946 77 41 99 telefonora deitu, turismo@plentzia.eus helbidera mezu bat bidali edo www.visitplentzia.com webgunea bisitatu.