Aurreko astelehen goizean, Plentziako portuan azaldutako orban zuri handiak eta erregai usainak bizilagunen ardura piztu zuen. Aurreko gauean, abenduaren 4tik 5era, suhiltzaileek esku-hartu behar izan zuten portutik hurbil dagoen Iturgitxi kaleko bizilagun-komunitate batek berogailuetarako erregai kantitate handia izan zuen isuria kontrolatzeko. Azaldu dutenez, ezbeharra karga-lanetan ari zirela gertatu zen, eta hori menderatzea lortu zuten arren, ezin izan zuten eragotzi gasolioaren zati bat estolderian amaitzea, eta, beraz portura eta itsasadarrera iristea.
Plentziako portuan jasandako gasoil-isurketaren ondorioak oraindik nabari dira itsasadarreko hainbat puntutan...
— Iker Rincon (@irincon_) December 5, 2022
Isuria domeka gauean hauteman zuten.
Info + https://t.co/PWpPWIZHo6#plentzia #kutsadura #itsasadarra pic.twitter.com/CIKvXqNx95
URAko (Uraren Euskal Agentzia) teknikariek isuria garbitzeko eta hedapena kontrolatzeko esku hartu behar izan zuten. Beren lanetan erabili zituzten disolbatzaileek kolore zuri ikusgarria eman zioten urari, baina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko iturriek adierazi zuten isuria kontrolatu zutela eta ez zela inguruko faunan edo floran kalterik eragin. Hala ere, marearen igoeragaz, askoz ikusgarriagoa egin zen, batez ere, portuaren inguruan. Gainera, hainbat herritarrek azaldu zutenez, erregai usaina ere oso nabarmena omen zen inguruan.
Ekologistak Martxan elkarteak salatu duenez, ez da inguru horretan horrelako gertaerak gertatzen diren lehen aldia, eta arriskuaz ohartarazi dute, nahiz eta kontrolatu ondoren, gasolio-marka kirol-portuko gune batean geratu zen. Halaber, elkarteak salaketa jarri du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Nekazaritza Zuzendaritzan eta Ondare eta Natura Ingurune eta Klima Aldaketa Zuzendaritzan. Salaketa horretan, dagokion zehapen-espedientea irekitzeko eta Ekologistak Martxan Bizkaia prozedura horretako alderdi interesdun izateko eskatu dute. Era berean, ebazpen horien berri emateko eskatu dute, horiek prozesuko une egokian helaraz diezaietela eskatuz, alegazioak aurkezteko.
Salaketa bat jarri dugu Ingurumen eta Garapen Sailean #Plentzia|ko portuan gasolio isuri bat izan delako.
— Ekologistak Martxan (@ekologistak) December 7, 2022
https://t.co/fT55jO5lQA@ecologistas pic.twitter.com/u6rU3jDdN2