Zeregin horretarako EH Bilduren parlamentuko taldeak 200.000 euroko partida bideratzea lortu zuen 2022ko Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorretan. Egitasmoa Trantsizio Ekologikorako ministerioaren Kosta Zuzendaritzaren ardurapean dago, eta proiektua idazteko hasierako partidatik bideratuko dute dirua.
Behin proiektua idatzi ondoren, pasealekua osorik konpontzeko prozesua etorriko da; horretarako, 2023ko Espainiako aurrekontuetan hiru milioi euro gordeko direla ere iragarri dute koalizio abertzaleko kideek. EH Bilduko ordezkariek azpimarratu dutenez, "zalantzarik gabe, lan garrantzitsua eta beharrezkoa da, eta denbora asko daramagu horretarako lanean; horregatik, modu eraginkorrean egitea espero dugu".
Zentzu horretan, arazoa zuhaitzen sustraiek altxatutako zoladuratik haratago dagoela azaldu du David Crestelo alkate ohiak eta EH Bilduko zinegotziak. Adierazi duenez, pasealeku azpiko area etengabe mugitzen da itsasadarreko mareen eraginez, eta horrek zoladuran hondoratzea eragiten du. Horregaz behin betiko amaitzeko lanak asmo handikoak izan beharko direla ere gaineratu du, "ez konponketa gutxi batzuk". Zentzu horretan begi onez ikusten ditu Gobernu Zentralak zeregin horretarako gordetako hiru milioi euroak.
Izen aldaketa
Bere aldetik Plentziako Udala egitasmoagaz ados dago, nahiz eta ñabartu hasteko 200.000 euro ez direla nahikoak izango. Bien bitartean, azaroko Udaleko osoko bilkuran pasealekuari izena aldatzeko proposamena onartu zuten eta Zugaitz Bidea Emakumeen Ibilbidea izenagaz ezagutuko hemendik aurrera.