Aurkeztu dituzten 15 zuzenketek 386.412 euroko balioa dute guztira, eta, azaldu dutenez, partida batzuk atzera bota zituen EAJ-ren udal-gobernuak eta beste batzuk sortu berriak dira edo aurrekontuan jasotakoa indartzeko helburua dute.
Oro har, aurkeztutako proposamenak zazpi bloketan banatu dituzte: kultur eta kirol-taldeentzako bost zuzenketa, besteak beste, Ardantzako errugbi-zelaian aldagela berriak eraikitzeko, kirol-instalazioak mantentzeko eta herriko taldeen egoera ekonomikoa hobetzeko diru-laguntzak handitzea eta aholkularitza ekonomikoa eta juridikoa emateko partida bat sortzea; bide-garbiketarako kontratua handitzea eta esku-hartze azkarreko brigada sortzea; udalerriko gizarte-ekintza indartzea mugimendu feministarentzako diru-laguntza berreskuratuz eta Plentziako etxebizitzari buruzko azterlan bat egitea, politika eraginkorrak garatzeko; ondare materiala eta immateriala babesteko Plasentia de Butron Museoa hedatu eta Plentzia Telebistaren ondare filmikoa babestea; kultura ekitaldiak indartzea eta galzorian daudenak babestea; udal-mendi eta -basoak hobetzeko eta kontserbatzeko partida handitzea; eta, azkenik, Udaleko bi langileren erreklamazioari erantzutea ere eskatu dute.