Miren Bego Urrutia proiektuaren ikertzaile nagusiak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak adierazi duenez, “ekimenak euskal kostaldeari buruzko ezagutza zientifikoa hobetzen lagundu nahi du, arreta, batetik, eskala mikroskopikoko biodibertsitatean –meiofauna eta mikroalgak– eta, bestetik, biodibertsitate hori arriskuan jartzen duten arriskuetan –mikroplastikoak, kasu honetan– jarriz. Hori guztia helburu nagusi bat lortzeko: Hondartzen eta itsasoen ingurumenaren garrantziaz sentsibilizatzea”.
Kontuz! Ez nazazu zapaldu! proiektuak herritarren parte-hartzea sustatzeko izaera duenez gero, EHUk gizarteari eskaini gura dio zientziari ekarpenak egiteko aukera, eta ekinez haren benetako xarma erakutsi eta bertaratzen direnen jakin-mina piztu.
Egitasmoa lehen hezkuntzako azken urteetako eta bigarren hezkuntzako ikasleei dago zuzenduta, baita Curriculum Aniztasuneko taldeak barne, bere izaera inklusiboa hezkuntza arautuaz harago zabaltzeko. Horretarako, aisialdiko mota guztietako erakunde eta elkarteei eta kultura, gizarte edo ekintza komunitarioko talde inklusiboei ere luzatu diete parte hartzeko aukera.
900 ikasle baino gehiago
Proiektuan izena emateko epea 2022ko abenduaren 23ra arte egon da zabalik, eta hezkuntza arautuko taldeen artean harrera bikaina izan duela adierazi dute PIEko iturriek: 20 ikastetxek azaldu dute parte hartzeko asmoa, eta guztira 900 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute proiektuan. “Hezkuntza arautuaz kanpoko zenbait elkartek ere helarazi digute parte hartzeko nahia, guztira ia beste 100 parte hartzaile gehituz. Horregatik, hezkuntza ez formaleko taldeentzat epea irekita egongo da berriro ere urtarrilaren 16tik 23ra arte”, jakinarazi du Urrutiak.
Hori guztia gauzatzeko, Plentziako Itsas Estazioko ikerketa-lerro desberdinetako irakasle eta ikertzaileek doako prestakuntza eskainiko diete parte hartuko duten taldeetako irakasle eta arduradunei, STEAM proiektu hau gauzatzeko. Prestakuntza ikastaro teoriko-praktiko baten bidez egingo dute, parte hartzaileei euskal kostaldeko hondartzetan laginketak modu autonomoan nola egin azalduko diete, diziplina anitzeko protokolo zientifikoak jarraituz.
“Parte hartuko duten taldeek laginak hartu eta aztertu ondoren, euren emaitzak proiektuaren bukaerako ekitaldi nagusian aurkeztuko dituzte, 2023ko ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunean. Bertan, parte hartzen duten zentro eta elkarte guztiek biltzeko aukera izango dute, proiektuan ikasitakoa partekatzeko”, adierazi du Urrutiak.
Proiektua Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak –Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa– eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak finantzatzen dute.