Betiko argia, Arturo Peña!

Erlantz Ibargurengoitia 2023ko ots. 3a, 11:15

Artxibotik ateratako irudia.

Ezkutatutako ugari ditugu gure herrietan, asko kirolari emanak, eta urteen joanean gure asaben memoria ahulean galdu egin zaizkigu (horietako batzuk egunkari zaharretako orri horixketan geratu dira, bizi izandako loriaren testigu); zorionez, izan da betikotzerako bidean argitara egitea lortu dugun istoriorik. 

H letra jarri ala ez, norbere kontua da, ahoz ahoko kontakizunen behe lainotan moldatuta baitaude gertakari asko. Historia eta istorioak ditugu beraz, gaurko gertakarien muinean; Arturo Peña Plentziako korrikalariaren izen-izana.

Arturo Deustuan jaio zen 1903ko azaroaren 21ean; Luis Peña eta Soledad Aznar senar-emazteen hirugarren semea izan zen. Bi urte baino ez zituela, familia Plentziara joan zen bizitzera: aurrena, portu aldean izan zuten bizilekua; gerora, Gatzamine auzora joan ziren.

Aita lorezaina zen, seme Arturok ere zenbaitetan eduki zuen lanbide hori, eta Jose Luis anaia ere denbora luzean ibili ogibide horretan; Zuhaixka (Arbolito) ezizena hartu ez zuen bada!

Garai horretan ohikoa zen bezala ( XX. mende hasieran ), Arturok gazterik utzi zituen ikasketak eta lanean hasi zen: ortuan, antxoa eta atunen kosteran… eta itsaso handi-sakonak zeharkatu zituen bere bidaietan; lan kontuengatik mundua ezagutzeko aukera izan zuen: Ingalaterra, AEB…

Soldaduska egiteko deia ere jaso zuen, baina urte horretan militarren artera joan behar zirenen kopurua gainditua zenez, libre geratu eta Plentziara bueltatu zen soldaduska egin behar izanik gabe. 

Gutxira Bilboko Austin autoen kontzesionarioan lana lortu zuen, eta garai horretan bertan proposatu zion Athletic Club taldeak bere atletismo atalean parte har zezan; bai, Athletic Club taldea ez zelako futbola soilik, hainbat kirol biltzen ziren kamiseta zuri-gorriaren altzoan: txirrindularitza, pilota, arrauna, alpinismoa, atletismoa… Beste garai batzuk, beraz.

Lasterketetan 1924an hasi zen, eta 1933ra arte goi-mailako lasterketetan aurreneko tokien jabe izan zen. Beti aurrean.

Arturo Bizkaiko herrietan antolatutako herri-krosetan parte hartzen hasita zegoen, eta hortxe hasi ziren familia kideek eta plentziar askok gogoan dituzten gertakari bitxiak: 1924. urtean egin zuen debuta, herrikideen aurrean, Antolin jai handietako lasterketan. Kilometroen joanean, pausu oker batean alpargata bat galdu zuen eta, erritmoa ezin jarraituta, taldeburua zenetik urruntzen hasi zen. Besterik bururatu ez, eta korrikaldia arintzeko sistema jarri zuen martxan: beste oinean zuen alpargata erantzi eta oinutsik korrika egiten hasi zen bidea (harria, porlana, belarra zein lokatza oin zolekin zapalduta): erritmoa arindu, aurkari guztiak aurreratu eta helmugara aurrena heldu zen; garaile beraz, oinutsik.

Beste garai batzuk ziren eta inguruko herrietako jaietan beti izaten zen lasterketarik.  Ahal zuenean, Gernikako jaietako Kros lasterketan parte hartzen zuen, eta horietako batean ere izan zen gertakaririk: goizean goiz hasten ziren lasterketak ziren, baina Plentziatik Gernikara joateko modurik ez eta Ibarrondo plentziarrak utzitako bizikleta hartu zuen Arturo Peñak. Beraz, goizeko ordu txikietan abiatu zen Plentziatik Gernikara (garaiko bizikletan, garaiko errepidean, egin kontu) beruna baino astunagoa zen bizikletan. 

Gernikara heldu eta abiatu zen lasterketan, baina nekeak erasan eta, apurka-apurka, distantzia galtzen hasia zegoela, lasterketa erdian-edo, lasterketa burutik urrun, apaiz gazte bat bere ondora etorri eta lasterketa bertan behera utz zezala aholkatu zion, distantzia luzea omen zuen aurretik, erritmo txikian ari zen, pauso narrasean… Arturok, baina, barrenean minduta apaizaren berba horiek entzunda, indar apurrak bildu, barrena irauli eta erritmoa bizitu zuen. 

Pelikula eta kondaira mitiko eta liluragarri handietan lez, aurkariak aurreratzen hasi eta… berriro ere garaile izan zen. Garaiko hogei ogerleko lodi eraman zituen etxera, sekula ez zuen hainbeste diru ikusi zuloz betetako bere poltsikoan.

Beste behin Mungian zuen lasterketa eta Arturok ez zuen aurkitu hara joateko modurik izan, ez bizikleta ez gurdirik, beraz, korrika abiatu zen Plentziatik Mungiara: Andraka gaina pasa, Maruri zeharkatu.... Mungiara heldutakoan lasterketa hasita zegoen jada; bestek etxerako buelta egingo zukeen, baina Arturo ez zen Plentziara bueltatu eta lasterketa abiatu zen gunetik korrika irten, aurkari guztiak aurreratu eta lasterketa horretan ere garaile izan zen. Halakoa zen Arturo, korrikalari handia, dohain fisiko ikaragarri handiak zituen gaztea. Txapeldun betea.

  • Bizkaiko Kros txapelduna 1929, 1930 eta 1931. urteetan.
  • Espainiako Kros txapelduna 1928 eta 1931n; bigarren 1932an eta hirugarren 1930ean.
  • 12 aldiz Bizkaiko txapelduna pistan 1.500, 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan.
  • Hirutan Espainiako txapelduna 10.000 metroko korrikaldian.

Berak lortutako marka askok hamarkadak pasatu arte izan ziren menderaezin.

1928ko Amsterdamen izan ziren Joko Olinpikoetan ere parte hartu zuen, eta Jesus Oyarbide eta German Campo taldekideekin batera, Bizkaiko atletismoak ezagututako talderik indartsuena osatu zuten. Joko horietako Krosean parte hartu zuen, baita 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan ere.

Ez omen zen nekerik! Egun gutxiren tartean halako estualdi handiak! Amsterdam hirian izan zen krosean arazoak izan zituen lokatz arteko lasterketan, korrikalari batek oina zapaldu eta lokatzetan zapatila galdu baitzuen, baina Arturok ez zuen etsi eta zapatila bakarrarekin egin zuen lasterketa, oin zola odoletan zuela heldu zen helmugara, atzean, sufrituta; 5.000 metrokoan 7. egin zuen eta 10.000koan 13.

Kirol-ibilbide betearen palmaresean zenbaki ederrak utzi zizkigun:

  • 10.000 metroan 32.26,6 marka
  • 5.000 metroan 15.45,0 marka

Arturok txapelketa eta garaikur handiak lortu zituen, baina berarentzat kuttunena Frantziako Incennes-eko krosean irabazitako Peugeot motorra zen, behar eta nahi zuen plentziarrak erabilgarri zuena beti. Garaiak ere bestelakoak ziren, auzokidea gertukoa zen; herrikidea, laguna.

Hala, Espainiako Kopa irabazi zuenetako batean, orduko Plentziako alkate Jose Olanok omenaldia antolatu zuen Arturo Peñaren balentriak goratzeko, eta Herriko Musika Banda Arturoren etorreraren zain egon zen Plentziako tren-geltokian. Arturo, baina, enteratu egin zen omenaldia-edo egin behar ziotela, eta Plentzian barik Sopelako geltokian jaitsi eta, inork ez ikusteko moduan, mendian zehar joan zen Plentziako etxera. Hantxe utzi zituen plentziarrak eta Udaleko kideak musikaren doinuan dantzan; bera, berriz, etxearen gozoan. Ez zuen protagonismoa maite, umila zen, oso.

Entrenatzailea ere izan zen, eta “Fortunato Arenal Sport” izeneko kirol elkartea sortu zuen. Entrenamenduetan jende ugari joaten zen bera ikustera, eta berarekin batera entrenatzen zirenak ere baziren, ausart handiak, batez ere umeak. Hondartzan egiten zituen entrenamendurik handienak, olatuen aparra belaunetan zuelarik hondartzaren mutur batetik bestera etengabeko joan-etorriko korrikaldietan

1933an utzi zituen lehiaketak, familiak hala eskatuta. Lan egin beharra zegoen familia aurrera ateratzeko, lasterketetan irabazitakoa ez zen nahikoa, eta eskaerei men eginda, bazter utzi zituen lasterketa handiak. Plentziako ikur izandakoak omenaldi handia izan zuen hirian, medaila bat eman zioten eta kale bati bere izena jartzea ere adostu zuen Udalbatzak, baina loria eta lore urteak zimeldu ziren brastakoan, eta gerra zibila heltzearekin bat, etorkizuna lanbrotu. Gudari izan zen Arturo, preso hartu zuten eta galtzaile rola izan zuten gehienek lez, bizitza berria abiatu behar izan zuen. Portuko lanetan eta marea biziek ekarritako itsasbalerrak biltzen ibili zen urte askoan (Txusbedarrak) Plentziako hiriak eta Bizkaiak izan zuen korrikalaririk handiena.

1969ko abenduaren 13an hil zen, Plentzian.

Betiko geratu ziren bere lasterkaldi biziak, tituluak eta ondo gordetako istorioak.

Gizon txiki iharra, korrikan burua aurrera eramana, lepoa apur bat okertuta, pauso luzeekin saltoka lasterka egiten zuen Plentziako ikurra.

Oraindik ere kalea zor dio Plentziako uriak

Betiko argia, Arturo!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun