Charterreko biribilgunetik Labasture kalera sartzeko bidea itxita egongo da ohiko noranzkoan (sarrerakoan), eta Udalak kontrako noranzkoa gaituko du (Charterreko biribilgunera sartzeko). Gainera, Frontoi kaleraino (4. zenbakitik) iristeko aukera ematen duen Labasture kaleko tartea ere itxita egongo da. Beraz, eguen eta barikuan ezin izango da aparkatu obren eta trafiko-etenen eragina jasango duten galtzada-tarteetan.
Era berean, lanek irauten duten bitartean, ezin izango da ibilgailuan sartu edo irten Frontoi eta Labasture kaleen arteko bidegurutzean dagoen lurpeko aparkalekura, ez eta udaletxearen atzealdean dauden kanpoko aparkalekuetara ere.
Plentziako Osasun Zentrorako sarbidea ere mugatuta egongo da ibilgailu partikularrentzat, baina ez anbulantzientzat, bide bat jarriko baita behar duten pertsonakaz bertara iritsi ahal izateko.
“Bide hobekuntzako jarduketa horrekin, Osasun Zentroko erabiltzaileek eta plentziarrek, oro har, sarritan egindako eskaerari erantzungo diogu. Obra oso beharrezkoa da, batez ere anbulatorioaren aurrealdean, oso hondatuta baitago eta pertsonen joan-etorria etengabea baita. Lan horiei esker, hobeto ibiltzeko aukera emango digun kalea lortuko dugu, eta errazago iritsiko gara gure hiribilduko erreferentziazko guneetara, Ontziola plazara, anbulatoriora, Labastureko pilotalekura eta inguruko kirolgune osora, hain zuzen ere”, adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.