“Auzoekin bat” entzute aktiboko ekimena udalerriko auzoak hobetzeko 54 jarduketari ekiteko konpromisoagaz gauzatu dute. Plentziako Udalak 200.000 euroko aurrekontua du egitasmo hau aurrera eramateko.
Aurtengo lehen hilabeteetan, alde zaharrean hurrengo konpromiso hauek jorratu eta amaituko ditu Udalak: espaloiak eta kaleak garbitzeko lanak, galtzada-harrizko zola berrituz eta elkartuz; hormigoi inprimatuaren ordez galtzada-harria jartzea Eleiz enparantzaren ondoko bidean; Plazatxoan esku hartzea, erloju eta termometro berriak jarriz eta ondoko pantalana konponduz; kutxatilen zigilatzea Mungia Bidean; eta Charterreko biribilgunearen egokitzapena. Azken horretan, loreak jartzea falta da, datozen asteetan egingo dena.