Aste-akabu hobetan, Plentzia argiz eta kolorez beteko da Argialdia jaialdiaren I. edizioan. Martxoaren 24an eta 25ean, 19:00etatik 22:00etara, Ontziola plazan Marea Bizia izenburua duen argiz, soinuz eta kolorez egindako instalazio efimero bat eskainiko dute, plentziarrek zein bisitariek hiribilduaren nortasunean hain errotuta dagoen itsasoaren giroaz goza dezaten.
Jaialdia sortu dutenek azaldu dutenez, publikoa hiriko-artearen munduan murgiltzeko helburuagaz sortutako jaialdia da, dantza erritmiko eta kolektibo baten bitartez, ikusleak koloreen eta argien jokoan barneratzeko, hain zuzen.
Horretarako, kiosko osoaren inguruan kokatuta egongo den LED teknologiako argiztapen egitura zirkular batek osatuko instalazio efimeroa. Horrek pantaila handi baten modura funtzionatuko du eta horri esker, 360 graduko eskultura handi bat irudikatuko dute, plazako edozein tokitatik ikusteko eta gozatzeko aukera emango duena. Gainera, argien ikuskizunaren inpaktua areagotzeko, soinu-pieza bat integratuko dute ikuskizunean.
Marea Bizia ikuskizuna esklusiboki diseinatu dute Plentziako Udalak antolatzen duen Argialdia jaialdiaren lehen edizio honetarako. Udal-iturriek azpimarratu dutenez, ekimena Plentzia bere erakargarritasun kulturalagatik eta bere aberastasun historikoagatik erreferente turistiko gisa kokatzeko eta tokiko ekonomia bultzatzeko egiten dituen ekintzen barruan kokatzen da.
"Jaialdira hurbiltzen den publikoak esperientzia paregabea bizi ahal izatea nahi dugu, zentzumen guztiekin gozatzea eta Plentziaren itsas izaeraz blaitzea. Hiribildu dinamiko baten aldeko apustua egiten dugu, urte osoan zehar ekitaldiz betea, gure bizilagunek eta bisitatzen gaituzten pertsona guztiek Plentziako giro ona gozatu eta senti dezaten", adierazi du Elixabete Uribarri Plentizako alkateak.