Bilboko aretoak Ricardo Toja margolariaren omenez egindako erakusketarako liburua argitaratu du Gorka Mayor plentziarrak. Horretarako, artistaren seme Miguel Tojaren laguntza izan du, eta, Mayorrek azaltzen duenez, hiru partetan banatuta dago lana. Lehenengoan, hiru testu daude: bat, Mayorrena; beste bat Miguel Tojarena, aitaren artelanak aztertzen dituena; eta hirugarrena, Tojaren laguna zen Elena Manzarbeitiaren olerki bat. Bigarren partean, erakusketaren margolanen argazkiak ageri dira eta, hirugarrenean, testu teknikoago bat, margolariaren kronologia, erakusketa-zerrenda eta bibliografia eta erreferentziakaz.
Gorka Mayorrek azaldu du Aldundiaren politika katalogorik ez argitaratzea dela, "erakusketa haren areto baten antolatu den arren", eta, hori dela eta, "Tojaren semeak eta biok erabaki genuen liburua ateratzea". Lana Plentziako Jose Ignacio liburu-dendan egongo da salgai, "eta agian Elkarren dendetan ere".
Ricardo Tojaren ibilbidea
1932an Gordexolan jaioa, gerraosteko artisten lehen belaunaldikoa izan zen Ricardo Toja, Agustin Ibarrola, Iñaki Garcia-Erguin edo Jose Barcelo bezala. 40ko hamarkadaren amaieran ekin zien ikasketei eta ibilbideari, Ameriketatik etorri berria zan Jorge Oteizaren babespean eta Bilbon geratu ziren gerraurreko artista batzuen irakaspenakaz, hala nola Fernando Maidagan eta Enrique Nieto Ulibarrirenak. Madrilen jarraitu zuen bere burua prestatzen, 1964ean, Bizkaiko Aldundiak jasotako beka bateri esker. 1966ean Oslon (Norvegia) jarraitu zituen bere ikasketak, Juan March Fundazioaren laguntza ekonomikoagaz. Euskal Herrira itzuli zenean, Madrilen gelditu zen eta, Euskal Herriarekiko harremana galdu barik, modu erregularrean erakutsi zituen lanak, banaka eta taldeka. 1971ean, Plentziako XVIII. mendeko etxe bat erosi eta berritu zuen, "Antsonena barria deitzen dena", Mayorrek dioenez. 1992an etxe horretan hartu zuen bizilekua, eta 2012ko irailaren 30ean zendu zen.