Antolatzaileek iragarri dutenez, antzerkiak eta musikak leku pribilegiatua izango dute Itsasaldia jaialdian, eta bertako artisten emanaldiek jarriko diote erritmoa aste-akabu horri. Halaber, itsasoko zaporerik onenak bertako hainbat produkturen dastaketagaz iritsiko direla ere aurreratu dute, besteak beste, Bodega Crusoe Treasure upategiko ardoen eskutik.
Jaialdiari nazioarteko izaera emateko eta jendeari beste kultura gastronomiko batzuk erakusteko asmoagaz, jatorriz Hawaiikoa den poke bowl-a egiteko masterclass bat ere egingo dute egun horietan.
Horiez gain, apirilaren 15eko eta 16ko aste-akabu osoan zehar, bertako produktuak, freskoak, eskainiko dituzten foodtrackak ere instalatuko dituzte, hiribilduak duen itsas-zapore guztia zabaltzeko.
Baina dena ez da jatekoa eta ikuskizuna izango, jaialdiak dibulgaziorako tartea ere izango baitu. Horretarako, itsasoagaz lotutako historia- eta formakuntza-tailerrak ere eskainiko dituzte, hala nola orientazio astronomikoari buruzkoak eta teleskopio bidez zerua gauez behatzekoak.
Elixabete Uribarri Plentziako alkateak azaldu duen bezala, “ekitaldi honekin Plentzia toki-mailako jaialdien mapan jarriko dugu, gure hiribilduaren itsas izaera definitzen duten jarduera esklusiboen bitartez. Urte osoan zehar kaleak bizirik egotea, plentziarrek euren herriaren aukera ugariez gozatzea eta bisitatzen gaituztenak Plentziaren eskaintza kultural, historiko, sozial eta gastronomiko zabala ikusita harrituko dituen lekua izatea gura dugu".